EAJk mozioa sartu du Udalean eta honen bidez, alkateari eskatu dio, «Udalaren domeinua, .eus domeinu bezala erregistratu, aktibatu eta ikusgarri izateko urrats guztiak eman ditzala, Euskeraren Egunerako, abenduaren 3an aktibatuta egon dadin». Baita ere eskatu du, «Herriko partikular, zein enpresak ere animatu ditzala .eus domeinua jartzera».
Zorione Etxezarragak honakoa azpimarratu du: «Euskeraren normalizaziorako baliabide eta tresna guztiak baliatu behar ditugu eta .eus domeinua gizarteratzen laguntzea ere bada herri-erakundeen eginbeharra». Eta gaineratu du: «Euskaldunon komunitatea trinkotzea ezinbesteko pausoa da hizkuntzaren erabilera areagotzeko. Eta domeinu honek lagunduko du zalantzarik gabe, bai komunitate birtuala, baita erreala ere, elkartzen; are gehiago, sare sozial deritzotenak hartu duten indarra ikusita».
Azkenik adierazi du, prozesu horren abiarazte-aldia datorren irailaren 16tik azaroaren 18ra izango dela eta tarte horretan eskatzen diren domeinu-izen guztiak abenduaren 3an aktibatuko direla, hain zuzen, Euskeraren Nazioarteko Egunean. «Horregatik, norbanakoen lanaz gain, erakunde publiko eta pribatuek ere beren aletxoa jarri behar dutela uste dugu».