Kardaberaz kaleari Andrekale deitzeko erabakia, gaur

Kronika - Erredakzioa 2014ko uzt. 29a, 02:00

Udaleko plenoak erabakiko du izena aldatzen zaion, eta Goiz Eguzkiko parkea Kardaberaz deituko den. 12 puntu landuko dira, 19:00etan.

Gaur erabakiko du, Udaleko plenoak, Kardaberaz kaleari Andrekale deituko zaion. Guztira, 12 puntu landuko dira plenoan, tartean Palestinaren aldeko mozio bat. 19:00etan hasiko da, pleno aretoan.
5. puntuan eztabaidatu eta erabakiko da egun Kardaberaz kalea denaren izena. Urta­rrilean jarri zen gaia mahai gainean, Hernaniko kale eta plazetan berdintasun proposamenaren barruan. Ekainak 17ko plenoan gaia azaldu ondoren, gaur erabakiko da izen aldaketa egiten den.
Horri lotuta, Goiz Eguzkiko parkeari Kardaberaz izena jartzea ere bozkatuko da plenoan, jarraian. Aurreko puntua onartzen bada, Karda­be­raz izena Goiz Eguzkiko parkeak hartuko du, puntu hau ere onartuz gero.

Kardaberaz kalea Andrekale deituko da, eta Goiz Eguzkiko parkea Kardaberaz, plenoak bi puntuak onartuz gero

Ordezkari aldaketak eta garbiketa kontratua luzatu
Gainontzeko puntuen artean, proposatuko da Behemendi eta Aiako Harria Parke Naturaleko udal ordezkariak aldatzea. Horrela, Be­go­ña Zuzak hartuko luke Asier San Emeterioren tokia. Eta gaur bozkatuko da, baita ere, udal eraikinen garbiketa-kontratua berritzea. Urtebetez lu­za­tzea proposatu da, garbiketa ordu gehiago eginez Laubi­dieta ikastetxean eta Udal Jolas igerilekuetan, eta horrela, kostua haundituz.

Palestinaren aldeko mozioa
Mozio bat ere aurkeztuko da, salatuz Israelek Gazako lerroan ezarritako zigor kolektiboa, eta biharko kontzentraziora joateko dei eginez, Plaza Berrin 20:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!