«Beñat Amenabar Bilduko kirol saileko zinegotziak erantzun egin zien sozialistek egindako salaketei, igerileku irekietako tabernako kontratazio prozesuan izandako gardentasun ezari buruz», azaldu du PSE-EE alderdiak prentsa ohar bidez. Eta horren inguruan, erantzun du «egia dela Gobernuak erantzun egin ziela PSE-EEk egindako galderei» hiru alditan.
Hala ere, PSE-EEk beste galdera bat egiten du: «PSE-EEk, bere oposizio lana egin izan ez balu eta galdetu ez balu, ez al zuten kontatuko? Informatzea ez al da Gobernuaren betebeharra? Norberak ondoriozta dezala zer den gardentasun eskasia».
Kontratu txikia egitearekin ados, baina ez prozedurarekin
PSE-EEren esanetan, «kontatu dute erantzun zigutenean azaldu zigutela zein zen asmoa: 2014ko udararako, kontratu txiki bidez kontratatzea igerileku irekietako taberna. Izan ere, datorren urtean kiroldegiko tabernako kontratua bukatuko da, eta horrela, biak batera atera ahal izango dira lehiaketara».
Horrekin ados daudela azaldu dute, baina «ez prozedurarekin. 2008tik orain arte igerileku irekietako tabernako kontratua uda garairako izan da, eta lehiaketa publiko bidez. Aurten berdin egin zitekeen. Baina erabaki politiko baten ondorioz aldatu egin da udaletxeak orain arte izan duen jokatzeko era».
«3 galdera eta informe eskaera ez dira gutxi konturatzeko PSE-EE ez zegoela ados».
«Ez gara ilegaltasunaz ari»
PSE-EEk azpimarratu du «sozialistek ez dutela sekula ilegaltasunaz hitz egin. Baina prozesuaren inguruko zalantzak ditugu eta teknikoari galdetu genion».
Era berean, Amenabarri zuzenduta diote «ezer esan ez genuelako alde ginela pentsatu zuen moduan, pentsa zezakeela kontra ginela. Ez dira ba gutxi 3 galdera jarraian eta legezkotasun informe baten eskaera, konturatzeko PSE-EE ez zegoela ados».