Eguraldiak ere lagunduko duela ematen du, Euskalmeten arabera. Beraz, aitzakiarik ez dago ostegunean Santa Barbarara igo eta San Inazio egun eder batez gozatzeko.
Goizean trikitilariak eta bertsolariak ariko dira, eta 12:00etan meza izango da. Segidan, herri-kirolen txanda izango da. Aurtengo bi taldeak horrela banatu dira: Imanol Paolla, Jon Larrañaga eta Axel Larrañaga batetik; eta Aitor Barrenetxea, Iñaki Ibarguren eta Garikoitz Arizmendi bestetik. Aizkoran eta lokotxetan aritu beharko dute.
Herri bazkaria egingo da ondoren, 14:00etan (txartelak salgai daude Kitto eta Aralarren, 25 eurotan). Arratsaldean, toka, haur-jokoak, txokolatada, eta erromeria izango dira.