Atzo zuten egun haundia, Astigarragan eta Aranon: Santio eguna. Denetatik izan zuen atzokoak: musika, dantza, kirola, bertsoak... Gaurkoa, baina, ez da gutxiago izango. Santa Ana eguna ospatuko dute, hamaika ekitaldirekin. Protagonista nagusia jana eta edana izango dira.
Astigarragan, gorputza mugitzen eman zuten atzoko eguna. Haurrak bizikleta gainean, lokotxak biltzen, sokatiran... aritu ziren goizean. Gero, udalbatzak eta Astigar taldeak dantza saioak eman zituzten.
Eta arratsaldetik gauera, musika izan zen nagusi: Pasai txarangarekin aurrena, eta kontzertuekin ondoren. Larrain-dantza herrikoiarekin mugitu zuten gorputza, azkenekoz.
Aranon, berriz, kirola izan zuten: goizean, pelota, eta arratsaldean, harrijasotzaile eta aizkolariak. Ondoren, bertso saio ederraz gozatu zuten, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Unai Agirre eta Julio Sotoren eskutik. Eta Iluntzean, Izer eta Alabierren trikiti festak egin zien bidea, afari herrikoiari eta ilargipeko zineari.
Arkume jatea, gaur
Goizean jarriko dute erretzen arkumea Aranon, eguerdian jateko. Egin bitartean, fanfarrea ibiliko da goiza girotzen. Eta bazkalostean ere, kantu saioa eskainiko dute. Haurrek berriz, puzgarriak izango dituzte, eguerditik aurrera.
Gazta, sagardoa, bertsoak eta idiak goizean, Astigarragan
Zubietako joaldunek eta Estanga trikitilariek jarriko dute Astigarraga martxan, eta segidan, saskibaloi txapelketa jokatuko da kiroldegian. Ondoren, Santa Ana eguneko ekitaldiak hasiko dira Foru Plazan: gaztagileen erakusketa, sagardo dastaketa, idi dema... Eta Aitor Mendiluzek eta Unai Agirrek, bertso batzuk jarriko dizkiote goizari.
Eguerdia iristen denean, gazte kalejira egingo dute dultzaineroekin, bazkaltzera joateko: gazte bazkaria txosnaren karpan, eta Santa Anako bazkaria Foru Plazan.
Arratsaldean, Sugarri Show fanfarrea eta herri kirol jaialdia izango dira, eta Bingoa gustoko duenak, Galtzaur elkartean dauka zita. Ondoren, Musika Eskolako Eira taldea izango da entzungai, hegaluze pintxoez lagunduta. Eta gauean, Diables de Vacarisses taldeak jarriko du ikuskizuna, suarekin dantzan eta jolasean; eta Skasti, Zerrien Lirika eta Trakets taldeek, musika.
Argazki lehiaketa Astigarragan
Argazki lehiaketan parte hartzeko abuztuak 3ra arte bilduko ditu argazkiak Gazte Asanbladak: astiarrako.gazteasanblada@gmail.com.