Itsaso Tolosa igerilari hernaniarra Picornell-en izan da (Bartzelona), Junior eta Absolutuen Udarako Espainiako Txapelketan, Buruntzaldea IKT taldearekin. Emaitzak oso onak izan dira: Euskadiko bi errekor berri, 6 marka pertsonal eta taldeko 6 errekor berri lortu dituzte. Iñigo Ibarburu andoaindarra txapeldunordea izan da, 100m tximeletan.
Tolosak 200 metro bizkar proban hartu zuen parte, eta 2’25’’35eko denbora egin zuen. Ez zuen, beraz, bere marka pertsonala hobetzea lortu, baina emaitza positiboa da, 2012ko marka arazorik gabe gainditu baitu. Arazoa izan da baldintza kaxkarretan aritu direla, aire librean, eta buelta noiz eman jakiteko erreferentzia markarik gabe.