Ikastaroa, gai jartzaile izateko

Kronika - Erredakzioa 2014ko uzt. 23a, 02:00

Urritik maiatzera bitartean emango da ikastaroa, 8 saiotan. Bertan izango da Maialen Lujanbio hernaniarra.

Bertsozale elkarteak ikastaroa antolatu du gai-jartzaile izaten ikasteko. Zortzi saiotan emango da ikastaroa, urritik maiatzera bitartean, hileko bigarren larunbat goizetan. Bertsolari eta idazleak izango dira bertan, trebatzaile edo tutore lanetan, eta tartean ariko da Maialen Lujanbio hernaniarra.
Asmoa da gai-jartzaile izaten ikastea, eta aldi berean, hauen ofizioa prestigia­tzea.
Matrikularen prezioa 45 eurokoa da, eta izena emateko sustapena@bertsozale.com helbidera idatzi behar da irailaren 22a baino lehen.

Zortzi saio tematiko
Ikastaroko zuzendaria Josu Goikoetxea gai-jartzailea izango da, eta Amaia Agirre bertsolaria izango du lagun. Horiez gain, bertsolari eta idazleak izango dira Gai-jartzaile Eskolan: Aitor Sarriegi, Iñigo Aranbarri, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Amets Arzallus, Harkaitz Cano eta Eider Rodriguez.
Guztira, 8 saio izango dira, denak, tematikoak. Urriak 11ko Amasa Villabonako saioan bertso-jaialdi baten egituraz ariko dira. Azaroak 8ko Durangoko saioan, gaien eta hitzen erabilera ideologikoaz. Abenduaren 13an, Amasa-Villabonan, gaien planteamenduaz ariko dira. Urtarrilaren 10ean, Senperen, saioaren funtzioaz eta formulazioaz. Otsailaren 14an, Gasteizen, literatura izango dute hizpide, bertsolaritzarako abiapuntu gisa. Martxoak 14an Gasteizen ariko dira gorputz espresioaz. Azkenik, apirilaren 11n eta 16an, Amasa-Villabonan, bertso saioaren prestaketa eta norbere bidea landuko dira.

Bertsolariak eta idazleak izango dira Gai-jartzaile Eskolan: Aitor Sarriegi, Iñigo Aranbarri, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Amets Arzallus, Josu Goikoetxea, Harkaitz Cano eta Eider Rodriguez.

Helburuak: taldea trebatu eta plazen inguruko gogoeta
Ikastaro honen helburua gai-jartzaile izaten ikastea da batetik. Baina ez hori bakarrik.
Horrez gain, plazaz plaza aritzeko gai-jartzaile taldea trebatzea eta plazen inguruko gogoeta bideratzea dira asmoak. Horrekin batera, bertsolari eta gai-jartzaileen arteko harremanak indartzea da asmoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!