Aurrekontu parte hartzaileen ekimenarekin jarraituz, Udalak epe laburrean hasiko ditu Ikastolaren aterpea egiteko lanak. Uztailaren 11n lehiaketa publikoa bukatu zen eta obra adjudikatu zen. Helburua da, ikasturtea hasi baino lehenago aterpea prest izatea. Proiektu osoak, Ikastolako jolastokiko 600 m2 tapatzea aurreikusten du, eta oraingoan, 264 m2ko aterpea egingo dute, gutxi gorabehera saskibaloi kantxako azalera. Aterpearen beste zatiak aurrerago egingo dira. Izan ere, lehenengo fase honetarako, 100.000 euroko aurrekontua dago. 100.000 euro horiek herritarrek erabaki zuten zertan gastatu, 12 aukeren artean. Aterpeak, 93.000 euro+BEZako kostua izango du, eta egur laminatuzkoa eta polikarbonatozkoa izango da.
Kiroldegian, estalki berria
Udalak, Kiroldegiaren estalkiaren zati bat aldatzeko prozedura hasi du. Hain zuzen, kirol pistaren gaineko estalki zatia izango da aldatuko dena, egoera txarrean baitago. Lehiaketa publikoa segituan jarriko da martxan, helburua baita lanak abuztuan zehar egitea. Estalkia aldatzeko lanek, 73.312.67 euroko kostua izango dute.
Udalak adierazi du, Astigarragak merezi duen Kiroldegia izateko lanak planifikatzen hasiko dela, «herritarrekin parte hartze prozesuan hartutako konpromisoak betetzeko».
Udal kontratazioak, web orrian
Azken bi hilabeteetan, Astigarragako Udalak obra eta zerbitzu espediente ugari bideratu ditu, eta batzuk epe motzean adjudikatuko dira. Udalak prozedura hauen laburpen bat publikatu du web orrian. Bertan ikusi daitezke: aurkeztutako enpresak, obra eta zerbitzu bakoitzaren kostea, esleipena lortu dituzten enpresak... «Gobernu Taldearen lehentasunetako bat da Udalaren jardunean gardentasuna ziurtatzea eta herritarrek behar duten informazioa eskura izatea. Edonorentzat Udaleko ateak parez pare irekita daude», azaldu dute. Informazio hori, www.kronika.net helbidean ere ikusgai dago.
Txomiñenea pelotalekua
Pelotalekuan aldaketak egiten ari dira. Alde batetik, teilatu haundiaren eta txikiaren arteko espaziotik hotza sartzen da neguan eta Udalak, polikarbonatozko panel berri eta haundiagoak jarriko ditu. 19.000 euroko inbertsioa izango da. Bestetik, hemendik aurrera Astigarragako pelotalekua Txomiñenea pelotalekua izango da, lur horietan egondako baserriaren omenez.