«Aurten, kristalean egindako grabatuak ere jarriko ditut»

Kronika - Erredakzioa 2014ko uzt. 23a, 02:00

Urtero bezala, Artisau Azoka antolatu dute. Bihar izanen da 19:00etatik aurrera. Herriko artistek egindako produktuak egonen dira erosgai: bordatuak, bitxiak... Tartean izanen dira Pino Vicedo zeramikariaren lanak. Azokarekin batera, patata tortilla lehiaketa eta herriko sagardo eta produktuak ere izanen dira.

Herriko artistek egin ohi dituzten produktuekin, Arti­sau Azoka antolatzen dute Aranon Santiotan, eta aurten ere halaxe eginen da. Bihar bertan izanen da azoka, 19:00etatik aurrera.
Beste hainbaten artean, Pino Vicedo zeramikariak jarriko du postua. Orokortuz, zera­mikaria dela dio Vicedok, baina beste hainbat lan ere egin ohi ditu: kristalean grabatuak, koadro­ak margo­tu... «Sortzea gusta­tzen zait», dio. Eta bere etxeko tailerrera joatea besterik ez dago daukan talentuaz jabetzeko.
Bere postuan, denetik izanen da: buztinezko bitxi­ak, lanparak, lorontziak, gaztelu­ak, dekoratzeko piezak, koadro­ak, grabatuta­ko kopak, kamixe­tak… «Batzuk iazko gauzak izanen dira, baina aldatzea ere gustatzen zait, eta aurten kristalean egindako grabatu­ak jarriko ditut. Umeentzako kamixetak ere egin ditut. Horrez gain, Euskal Mitologia­ko pertsonaiak lan­tzen hasi naiz eta oraingoz Tartalo egin dut». Bestalde, grabatuen artean, kopa haun­dietan eta txupito basoetan egindako lanak dauzka, besteak beste. El Señor de los Anilloseko pertso­naiak egin ditu horietako batzuetan. Eta irudiei laguntzeko, elfikoan idatzitako esaldiak: «Interne­tez ikasi nuen elfikoan idazten. Bai, friki bat naiz!», dio parrez.

Azokan, giro ederra
Vicedo Donostian jaio zen eta 22 urte daramatza Aranon bizitzen. Herrian bizi denetik, ia urtero hartu izan duela par­te azokan azaldu du. «Orain dela 18 urte edo har­tu­ko nuen parte lehenengo aldiz, eta ordutik, azoka egin ez zen urteren bat kenduta, beti hartu izan dut parte». Sortzen den giroa asko gustatzen zaiola dio: «Aranon jendea oso ongi portatzen da. Mugimen­dua izaten da eta erosi ere egiten du jendeak. Janaria jartzen da, tortilla lehiaketa eta sagardo dastaketa ere antolatzen da azokarekin batera, eta horrek jendea erakartzen du. Oso ongi antolatzen dela iruditzen zait. Horrez gain, azoka honetan, bertakook hartzen dugu parte. Oso lokala da eta oso ideia polita. Asko gustatzen zait».

Biologiatik, zeramikara
Zeramika eta artea, Vicedoren ogibidea da. Diseinatzaile grafikoa ere bada. «Orain dela 23 urte, Biologia ikasten ari nintzen eta laugarren urtea egiten ari nintzela utzi egin nuen. Izan ere, zeramika ikastaro batera apuntatu nintzen, Hernanin, eta ikas­taro hartan konturatu nintzen hau zela benetan egin nahi nuena, odolean neramala. Handik, Debako Arte eta Ofizio eskolan hasi nintzen. Bi urteko ikasketak egin nituen. Zeramikaz gain, egurra eta harria tailatzen ikasi nuen, brontzea urtzen... Hasieran, Bilbora joaten nintzen goizetan, eta arratsaldetan Debara, baina utzi egin nuen. Dirua ere behar nuen eta diseinatzaile grafiko moduan aritu nintzen lanean. Amaran egiten nuen lan, bideo jokoetarako egiten nituen diseinu grafikoak», azaldu du.
Hernaniko ikastaro hori egin aurretik, inoiz ez omen zuen zeramika lanik egin eta in­teresik ere ez omen zuen izan.

«Zeramika ikastaro batera apuntatu nintzen Hernanin, eta konturatu nintzen hau zela benetan nahi nuena, odolean neramala»

Garai bateko eran
Zeramika lanak garai bateko eran egiten ditu Vicedok. «Nor­malean, ez ditut tornuarekin egiten lanak. Oso gutxi erabil­tzen dut. Alfareroek erabiltzen dituzte, batez ere, tornuak. Nik garai bateko eran egiten ditut, txurroen teknika erabilita edo plaken teknikarekin».
Pieza bat egiteko zenbat denbora behar izaten duen galdetuta, piezaren arabera­koa dela azaldu du. «Lorontzi txiki bat egiten, adibidez, bost minutu behar ditut. Hori, forma ematen, baina lehortze­ko, labean sartzen baduzu, egun oso bat behar duzu. Eta beste pieza askotan, barrua hustu egin behar izaten da. Izan ere, lehortzean buztina puztu egiten da eta lehertzeko arriskua dago. Orduan, pieza pixka bat lehortzen denean, erdibitu egiten da eta barruko buztina kendu egiten zaio. Gero berriz pegatu egiten da».

Autodidakta eta multifazetikoa
Vicedo autodidakta da, gaine­rako teknika eta eskulan guztiak bere kaxa joan da ikasten: «Dena, probatuz egi­ten dut. Esmalteen ikastaroa bakarrik egin dut. Nire kaxa hasi nintzen, baina ez nintzen ongi moldatzen eta ikastaroa egitea erabaki nuen, Gironan». Lanak ere zuzenean egiten ditu; ez ditu aurretik inon marrazten. Eta zeramikaz gain, beste hain­bat gauza ere egiten ditu; eta gehiago eginen lituzke: «Gauza pila bat egin eta ikasiko nituzke, baina egunak ez ditu hainbeste ordu! Esaten dute hobe dela gauza bat ongi egitea, gauza asko erdizka egitea baino. Baina ni horrelakoa naiz».
Eskolan saioak ere eman izan ditu, kaligrafiazkoak. Hain zuzen, lumarekin nola idatzi erakusten aritua da. Eta buztina eta tornuarekin ere bai. Bestalde, festetan, umeei berak pintatuko dizkie aurpegiak.

Azoketan ibilia
Lehen, erdi aroko azoka guz­tietara joaten zela dio Vice­dok, baina alabak jaiotzeare­kin utzi egin zuen. «Pixka bat gehiago koxkortzean berriz hasiko naiz. Hala ere, orain, inguruko azoka batzuetara ere joaten naiz: Arano, Goizue­ta, Leitza, Herrerara...».
Feriatara joaten zen ga­rai­an, 10-12 orduz aritzen zela lanean gogoratzen du. «Ordu­an, 200-300 euro irabazten nituen hilabetean, eta orain deus ez. Krisiak sekulako eragina izan du. Badakit ezin dela hemendik bizi, baina gustatu egiten zait. Azokaz azoka ibiltzea ere izugarri gus­tatzen zait. Oso interes­garria da, giro ederra izaten da, jende pila ezagutzen duzu...».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!