Aranoko festetan bada nahiko berria den ekintza bat eta hasieratik arrakasta izan duena: arkume jatea. Orain dela bi urte antolatu zuten lehenengo aldiz eta bi urtetan erantzun ona izan duela ikusita, aurten ere ez du hutsik eginen. Hain zuzen, larunbatean izanen da. Oraingoan ere, arkume guztiak Aranokoak izanen dira eta baita gainerako produktuak ere.
Jabier Ansak du arkumeak biltzeko ardura. Aranoar guztiei zabaltzen zaie aukera eta aurten 19 arkume izanen direla azaldu du: «Oraindik ez dakigu zenbat lagun izanen garen bazkaltzen, baina arkumea ez dela faltako pentsatzen dugu. Arkume bakoitza 10 bat lagunentzat izanen da. Arkume ederrak dira, 16 kilo ingurukoak, burduntzian erretzeko, egokiak».
Burduntzi eran prestatzen dute arkumea. Prestatzera etortzen direnak, ez dira herrikoak; kanpotik ekartzen dituzte horretarako. «Guk ere egin genezakeen agian, baina beraiek punttua hartua diote eta oso ongi prestatzen dute. Hori garrantzitsua da», dio. Goizeko 10:00ak aldera jarriko dituzte arkumeak erretzen plazan, eta 4 bat orduz egonen dira.
Denen bixtan
Arkume jatea orain bi urte nolatan hasi ziren antolatzen azaldu dio Kronikari Jabierrek: «Lehen oilasko jatea egiten zen. Kanpotik ekartzen ziren oilaskoak eta panaderia zeneko labean erretzen ziren. Afaria izaten zen eta pixkanaka indarra galtzen joan zen. Gero eta jende gutxiago animatzen zen eta aldatzea erabaki zen. Orain dela bi urte arkume jatearekin hasi ginen eta bi urtetan oso erantzun ona izan du».
Oilasko jatea egiten zenean, afaria izaten zen eta horrek ere eragina izanen zuela pentsatzen du Jabierrek: «Orain, bazkaria izaki, egun pasa ederra egin dezakezu eguraldiak lagunduta. Jende edadetua ere animatzen da orain». Oilaskoaren ordez arkumea jartzeak ere izanen du ziur zerikusia: «Agian gehiago apreziatzen da, bai. Eta horrez gain, denen bixtan erretzen da plazan, goizetik hasita, eta jendeak ikusteko aukera du. Horrek ere sortzen du giroa».
Egurra, norteko haritza
Arkumea erretzeko egurra ere beharrezkoa da eta zeregin horretan lau bat lagun aritu direla azaldu du Jabierrek. «Egurra iharra behar da eta orain dela hilabete inguru bildu genuen. Norteko haritza atera zuten hemen Aranon eta utzitako adaxkak aprobetxatu genituen. Karroka bat bildu genuen, ez da askoz gehiago behar». Bordan dauzkate gordeta eta larunbatean, 08:00ak aldera kargatuko dute berriz karroa eta plazan hustu. Gainerako guztia antolatzen ere ariko dira hainbat lagun: plastikoa jarri, hondarra bota, estruktura montatu, zerbitzatu...