San Roke elkartearen sorreran ibili zinen, beste hainbatekin batera. Kontaiguzu, nondik sortu zen ideia?
1970 urte inguruan, Aranoko gazte batzuk hasi ginen zalantzan jartzen ordura arteko jaietako eredua. Orduan, pilota partiduak eta orkestrina bakarrik izaten ziren, besterik ez. Inguruko herrietako festetara ateratzen hasi ginen eta gauza desberdinak ikusten genituen, Goizuetan, Hernanin... Errebindikazio punttu bat ere bazuten garai hartan festek. Horrela hasi ginen, bertsolariak, abeslariak, antzerkia... ekartzen. Urte batzuk lehenxeago, Inauteriak ere errekuperatu eta berritzen hasi ziren.
Eta inguru eta mugimendu hartan, herrian faltan botatzen zen txoko bat. Lau taberna bazeuden, Plazakoa, Kontseju, Roke eta Perurena, baina makurtzen ari ziren eta Jai Batzordearen bueltan genbiltzanok, hutsunea ikusi genuen.
Herritarrak elkartzeko leku baten beharra ikusten zen orduan.
Hori horrela, 1971-72an, eskola izandako lekua eskatu genion Udalari elkartea egiteko, hutsa baitzegoen. Eraikinaren goian, garai batean etxebizitza izandakoa zegoen; behean, eskola mixtoa izandakoa; eta atzean, baratza eta oilategia. Udalak hasieratik ongi hartu zuen proposamena eta erabilera zesioan utzi zigun, mugarik gabe. Berriz eskola behar izatekotan bakarrik utzi beharko genuen, eta ordutik 40 urte pasa dira.
«Jendeak ere oso gustora hartu zuen. 55 bat bazkide egin ziren berehalaxe»
Eta Udalak baiezkoa esanda, martxan jarri zineten.
Bilera bat deitu genuen, herriari ideia zabaltzeko. Panaderia izandako lokalean egin genuen bilera eta 8-10 bat lagun bildu ginen. Elkartearen plateamendua azaldu genuen eta orduan hasi ginen ideia jorratzen. Udalak giltza ere eman zigun ordurako. 1973 urtea zen. Miguel Ansa, Joxe Antonio Legarreta, Miguel Mari Legarreta, Jabier Legarreta, Pako Larrea, Joxe Mari Leonet, Jexux Leonet, Agustin Ansa... izan ginen, besteak beste, hasierako urte haietan ibili ginen gazteak.
Lokala egokitu ere egin beharko zen, ezta?
Lokala oso zaharkitua zegoen eta auzolanean hasi ginen hura zuzentzen. Hasteko, marrazki eta neurketa batzuk egin genituen eta ikusi genuen beheko zatia exkax geratzen zela elkartea egiteko. Atzeko partea, baratza eta oilategia zena, hura ere hartzea proposatu genuen eta azkenean, halaxe egin zen. Obra egin ahal izateko, dei zabalagoa egin genuen eta kuota bat jarri zen 9.000 pezeta ingurukoa. Jendeak oso ongi erantzun zuen. Herrian igeltsero dexente zeuden eta obra beraiekin egin genuen. Hainbat lagun aritu ziren, baina Joxe Mari Zabala Leontxon bordakoa izan zen, batez ere, obra zuzendu zuena.
Eta 1974rako, elkartea prest.
Elkartea martxan jartzeko, estatutuak ere osatu genituen Pako Larreak eta biok. Onarpena emateko, lehenengo batzarrera aurkeztu genituen. 1974 urtean izan zen hori. Santos Ansak Nafarroako Gobernuarekin harremana zuen eta bere laguntza haundia izan zen estatutuak legeztatzeko orduan. San Roke elkarteko Lehenengo Batzordea honakoek osatu zuten: Santos Ansa lehendakaria, Miguel Mari Legarreta idazkaria, Jabier Legarreta eta Miguel Ansa bodegeroak, Roke Ansa eta Luis Mitxelena. Horiez gain, sorrera zenez, laguntzaile ugari ere izan zen.
Hasiera hartan ibilitako batzuk: Miguel Ansa, Joxe Antonio Legarreta, Miguel Mari Legarreta, Jabier Legarreta, Pako Larrea, Joxe Mari Leonet, Jexux Leonet, Agunstin Ansa, Roke Ansa, Luis Mitxelena...
Nola hartu zuten elkartea aranoarrek?
Jendeak oso gustora hartu zuen. 55 bat bazkide egin ziren berehalaxe eta dirua jartzeko prest zegoen jendea izan zen gainera, borondate onekoa.
Izan ere, helburua zen, jendea biltzeko lekua izatea, eta esan bezala, beharra zegoen. Erabilera ugari eman zaio baita ere, herriko festa eta ekintzetan: Santioetan, inauterietan, San Roke egunean... Bide batez, azpimarragarria da Joxan Ruizek egindako lana San Roke eguna antolatzen.
Nolako elkartea da San Roke?
Elkarte irekia izandu da beti. Herriarekin lotura zuten guztiek parte hartu ahal izan zuten hasiera hasieratik. Kanpotik etorritako jende berria ere erraz integratu da elkartean. Izan ere, elkartea irekia izan da eta horrez gain, oso jende ona etorri da Aranora bizitzera.
Emakumearen parte hartzeari dagokionean, 90eko hamarkada bukaeratik irekia izan da. Eta emakumeei lotuta, bi pertsona aipatu nahiko nituzke. Urte hauetan, lan haundia egin dute elkartea txukuntzen, besteak beste: Maria Esther Legarretak eta Maria Jesus Erdoziok.
Faltan botatzen ditugunak ere aipatu nahiko nituzke. Hasieratik egon direnak eta gaur egun ez daudenak, besteak beste: Juan Mari Aurtenetxe, itsasoak eraman zuena Santio jai batzuetan. Eta Agustin Ansa, hasiera hasieratik, oso gazte izan arren, gurekin izan dena orain dela 3 urtera arte.
«Omenaldi honekin ez dakit ez ari ote diren esaten erretiratzeko garaia dugula...»
Gaur egun, nola ikusten duzu elkartea?
Oso ongi. Orain gazteak dabiltza eta oso indartsu ikusten dut. Hor esan behar da, berez, elkarteko Batzordea bi urtetik behin aldatu beharko litzatekeela, baina oraingo Batzordearen aurretik egondako taldeak urte asko egin zituen jarraian. Eta Batzorde horrek egindako lana benetan azpimarratzekoa da. Batzorde horretako kideak izan dira: Pako Larrea, Antton Ansa, Iñigo Larrea, Juanito Leonet, Joseba Manterola eta Oskar Gaskon.
Gaur egungo San Roke elkarteko batzorde kideak, 16 dira. Kargudunak: Joxe Mari Leonet lehendakaria, Kontxi Klaber idazkaria, Maitane Legarreta diruzaina, Ibai Kerejeta eta Ana Olga Arostegi bokalak.
Zu ez zara Aranon bizi orain. Hala ere, harremana mantentzen duzu. Elkarteak laguntzen al du horretan?
26 urtera arte bizitu nintzen Aranon. Ezkondu eta Oiartzunen bizi naiz ordutik. Hala ere, Arano oso mattea dut, ez dut herriarekin lotura galdu inoiz, eta aranoarra naizela esaten dut gaur egun ere. Eta bai, elkartea ongi etortzen dela iruditzen zait kanpoan bizi garenontzat.
Elkarrizketa bukatuz, eta festari hasiera emanez: txupinazoa botatzeko ardura zuek duzue; nola bizi duzue?
Protagonismorik ez dugu nahi. Hori bai, detailea izatea asko eskertzen diegu Jai Batzordeari eta udaletxeari. Txupinazoan egonen gara, besteak beste: Miguel Ansa, Pedro Mari Ansa, Miguel Mari Legarreta, Jabier Legarreta, Joxe Mari Leonet, ni... Hala ere, ez dakit omenaldi honekin ez ari ote diren esaten erretiratzeko garaia dugula... (parrez). Baina parrilladak egiten edo dena delakoan, beti hor izanen gara!
EGITARAUA
BIHAR
18:30 Festei hasiera
emanen dien itxaferoa botako da udaletxeko
balkoitik.
Bonba japonesak eta
buruhaundiak
19:00 Artisau azoka
karpan.
20:00 Tortilla txapelketa eta herriko sagardo eta
produktuen probaketa.
22:00 XXXII. Mus Txapelketa San Roke Elkartean.
OSTIRALA, SANTIO EGUNA
12:00 Arano-Goizueta
arteko pilota partidua:
Huizi-Lizeaga/Apezetxea-Narbarte.
17:00 Herri kirolak:
Aizkoran: Ruben Saralegi eta Ander Erasun.
Harriarekin: Izeta II.
19:00 Bertso saioa: Julio Soto, Unai Agirre, Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze bertsotan.
Gai-jartzen, Aritz Zerain.
21:00 Trikiti festa Izer eta Alabierrekin.
22:00 Afari herrikoia.
Bakotxak beria moldatuta!
22:00 Ilargipeko zinea.
LARUNBATA
Goizean, arkumea erretzen jarriko da plazan.
Goiza girotzeko, fanfarrea
ibiliko da herrian barrena.
14:00 Arkume jatea
Bazkal ondoren, kantu saioa fanfarrearekin.
Eguerditik aurrera,
puzgarriak umeentzat.
IGANDEA
11:00 Jubilatuentzat
hamaiketakoa.
12:00 Pilota partidua:
Apezetxea-Altsua/Apezetxea-Loiarte.
14:00 Jubilatuen bazkaria
Jexux Mari Irazu eta
Xabier Legarreta
bertsolariekin.
17:00 Ume jolasak eta kARANOkea.
18:30 Txokolatada.
19:00 Arno ganadutegiko
azindak.
23:00 Tximeleta plaza
taldearekin festei bukaera
emanen zaie.
MEZAK
Ostiralean: 11:00
Igandean: 10:00