«Suarekin jolastu eta dantza egiten dugu, eta herritarrek ere hartzen dute parte»

Kronika - Erredakzioa 2014ko uztailaren 23a

Sua izango da, aurtengo Santio jaietan, osagai berezia. Diables de Vacarisses taldeak jarriko du argia Astigarragan, asteburu honetako gauetan. Cesc Mestresek, taldeko arduradunak, kontatu digu «ohitura haundia» dagoela Katalunian, horrelako ikuskizunak egiteko.

Suak jarriko die txispa Santio Jaiei. Eta ez da izango San Joan bezperako horren tankerakoa. Kataluniatik etorria izango da, asteburu honetako gauak argituko dituen sua. Diables de Vacarisses taldea egongo da Astigarragan, eta bi ikuskizun eskainiko ditu: larunbatean, Tast de foc izenekoa emango dute Foru Plazan; eta igandean, Correfoc delakoa egingo dute herriko kaleetan. 22:30­etan izango dira biak.
«Bi espektakulu ezberdin dira», argitu du Cesc Mes­tres­ek. Taldearen arduradunetako bat da bera, eta ondo ezagu­tzen ditu biak: «larunbatekoa, Tast de foc izenekoa, plaza batean egi­ten da. Su-espektakulua da, dauzkagun akzesorioak erabiliz». Malabareak egiten dituzte, ahotik sua bota, suzko soka saltoan aritu, zankoekin ibili... «Egiten dakigun guztia erakusten dugu bertan». Ondo prestatuta edukitzen dute ikuskizuna.

Artistak eta herritarrak
elkarrekin jolasean

Inprobisazioa du oinarri, beste ikuskizunak. Correfoc izenekoa, «espektakulu tradizionala da», Mestresek azaldu duenez. Kaleetan barrena egiten da, eta jolastea eta dantzatzea da helburua. Baina artistak ez dira protagonista bakarrak: «herritarrek ere hartzen dute parte, eta denak elkarrekin aritzen gara, suarekin jolasean». Suaren festa borobiltzeko, tinbalak jotzen dituzte taldeko musikariek.
Mota guztietako elementuak erabiltzen dituzte ikuskizunetan: mazoak, sardeak, karroak, koloretako suak, bengalak... «Katalogo haundi bat dago espektakulu hauetarako gauzekin», dio Mestresek.

«Nekazaritzan du
jatorria; lanabesekin txispak egiten zituzten, izpiritu txarrak uxatu eta uzta hobea
izateko»

Jatorria, nekazaritzan
«Festa tradizional bat da, oso aspalditik egiten dena», kontatu digu. Nekazaritzan dauka bere jatorria: «nekazariek be­ren tresnekin lurra jotzen zu­ten, txispak ateraz, izpiritu txa­rrak uxatzeko, eta uzta ho­beak izateko». Eta horregatik erabiltzen dira, hain justu, ne­kazarien lanabesak, sua bota­tzeko osagarriekin, gaur egungo ikuskizunetan.

Katalunian, ohitura haundia
Tarragona eta Reus inguruetan jaio zen tradizioa, baina berehala hedatu zen Katalunia osora: «ohitura haundia dago, herri bakoitzean badaude bi talde, horrelako gauzak egiten dituztenak». Batzue­tan, gehiago ere bai: Terrassan, esaterako, tirada izugarria du, eta auzo bakoi­tzeko dago talde bat: «eta 30-40 urte dituzte batzuek».

Taldea berpizteko nahia
Orain hiru urte sortu zuten   Diables de Vacarisses, baina aurretik ere existitu zen, 1997tik 2000ra. Orduan aritutakoak izan ziren, berriz hasteko motorra: «batzuek nostalgiagatik nahi genuen, faltan botatzen genuen; eta beste batzuek, seme-alabengatik egiten zuten. Guraso guztien ilusioa da». Horrela, talde bikoitza sortu zuten, helduena eta haurrena. Esperientzidunak ziren ba­tzuk, beste talde batzuetatik etorriak, eta ikasteko gogoz hasiberriak, beste hainbat.
«Ikusleentzat oso deigarria da, eta erakarri egiten du». Ikuskizun bat eman eta gero, askotan hurbildu zaie taldean sartu nahi duen jendea. Ho­rrela hasi zen Cesc Mestres ere: «txikitatik ikusi dut, eta izugarri gustatzen zitzaidan. Nik ere nahi nuen hori egin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!