«Santio jaiak gainean ditugun honetan, Udaletik gonbita luzatu nahi diegu herritarrei jaietako ekitaldietan parte hartzeko. Antolatutako egitaraua denon gustokoa izan eta ekitaldi ezberdinekin goza dezaten opa diegu astigartar guztiei.
Jaiak errespetuz eta berdintasunean ospa ditzagun, eta bereziki nabarmendu nahi dugu, Astigarragan, jarrera sexistak ez direla onargarriak, ez eguneroko bizitzan eta ezta jaietan ere. Desagerrarazi ditzagun eraso eta jarrera horiek! Errespetuz joka dezagun!»., azaldu dute Gobernu Taldetik, festei begira. Eta aurten, bertsotan egin dute agurra.
Bertsoa - Doinua: Iparragirre abila dela
Aurten bertsotan egingo degu
alkatearen agurra,
segun zeinentzat, festak bezela,
luzea edo laburra.
Badaudenez bi modu,
bakoitzak jakingo du
zapatilak zenbat urra:
etapa bat ta etxera edo
lau egunetako Tourra. (bis)
Gure Eguzki ta Ilargiak
aldatu ezean postuz,
lau egunean ariko gera
loari orduak ostuz.
Ea mutil ta neskak
pasatzen diren festak
jarriz arima ta gorputz,
ondokoekin gozatuz eta
falta direnak oroituz. (bis)