22 urte dira dagoeneko Astigarragan odol estrakzioak egiten direla. Nola gogoratzen dituzue hasierako urte haiek?
Hain zuzen, 1992ko ekainaren 23an jarri genuen martxan Astigarragako delegazioa. Gu odol emaile ginen, Martutenera joaten ginen odola ematera, eta handik sortu genuen ideia. Martutenekoek asko lagundu ziguten. Lehengo anbulatorioan hasi ginen, plazan, gaur egun Gaztelokala dagoen tokian.
Udaletxera jo genuen gure asmoaren berri ematera eta Udaletik ere asko lagundu ziguten. Erraztasun asko izan genuen. Odol estrakzio egunerako behar izaten zen materiala ere kultur etxetik hartzen genuen: aulkiak, pertxeroak, bionboak, mahaiak... Izan ere, anbulatorioa oso txikia zen eta dena han egiteko moldatu egin behar izaten genuen. Makina bat buelta ematen genituen!
Asko erraztu da gure lana orain. Gainera, lehen ordenadorerik ere ez zegoen eta eskuz egin behar izaten genituen fitxak. Gure alabek laguntzen ziguten, eskolatik aterata. Herriko odol emaileentzako abixuak ere eskuz prestatzen genituen eta guk banatzen genituen etxez etxe, dirua ez gastatzeagatik. Orain elkartetik abixatzen dute. Ilusio haundiarekin aritzen ginen. Bueno, ilusioa orain ere berdina dugu, baina sasoi gutxiago!
Jendeak gustora hartu al zuen?
Bai, jendeak oso pozik hartu zuen. Ordura arte kanpora joan behar zen odola ematera eta herrian bertan emateko aukera izanda, jendea animatu egin zen. Lehenengo urte hartan 40 bat etorriko ziren. Gainera orduan, plazan bertan zen, eta anbulantzia ere kanpoan egoten zenez, jedeak ikusi egiten zuen.
Gero, ordea, anbulatorioan kontsultak arratsaldez ere jarri zituzten eta lekuz aldatu behar izan genuen. Udaletxera aldatu ginen, 2001ean. Pleno Aretoan aritu ginen 2010 arte. Baina aretoa txikitu egin zuten eta handik anbulatorio berrira joan ginen. Gogoratzen dugu jendea nola egoten zen udaletxeko eskaileretan eserita zain. Pazientzia haundia izan dute beti gure emaileek. Oso ondo erantzun izan dute nahiz eta toki egokia ez izan.
Anbulatorio berrian hobeto, ezta?
Lekua aproposa da eta askoz hobeto gaude, baina egia esan, hasieran beldurra izan genuen. Udaletxera aldatu ginenean, jende gutxiago hasi zen etortzen. Aldaketak eragina izan zuen, plaza ere oso eskura zegoen eta desberdina zen… Hori horrela, berriz anbulatorio berrira aldatzeak beldurra ematen zigun. Horregatik, anbulatorio berria zabaldu arren, udaletxean jarraitu genuen, eta Pleno Aretoa txikitu zutenean aldatu ginen. Baina orain oso gustora gaude.
«Odola ez da iturritik ateratzen eta gauza pila baterako behar izaten da; edozein
operaziotarako, adibidez»
Odol emaileen erantzunarekin gustora zaudetela esan duzue. Nolakoa da egoera?
Gaur egun 350 odol emaile daude Astigarragan. %56a emakumeak dira eta %44a gizonezkoak. Gazte asko etortzen da, gainera, eta oso giro ona izaten dugu. Horrez gain, beti dago estrakzio berriren bat. Orain arte, 22 urte hauetan, 50 odol emate egin dira eta 2.200 odol poltsa lortu dira; hau da, estrakzio egun bakoitzean, bataz beste, 44 odol emate izaten dira.
Esan behar da baita ere, jende gehiago etortzen dela odola ematera, baina askok ezin izaten dute eman arrazoi desberdinengatik: gaixo egon direlako, haurdun daudelako, kirola egin dutelako, tentsioa baju daukatelako...
Batzuk uste dute analisiak egitea bezala dela eta jan gabe etorri behar dela. Baina ez, hona ondo janda, meriendatuta eta indarrarekin etorri behar da. Kirola ere ez da egin behar; egun horretan, lasai etorri behar da.
Oraindik animatu ez direnei, zergatik esango zeniekete odol emaile egiteko?
Odola ez da iturritik ateratzen. Eta egun batean ez bada, hurrengoan zuk edo zure inguruko norbaitek beharko du. Ni (Lourdes) konturatu nintzen ze garrantzitsua den, nere ahizpari 7 poltsa sartu zizkiotenean. Eta ordurako odol emaile nintzen. Askok esaten dute organo donante direla eta listo. Baina organo horiek jartzeko ere odola behar da. Gauza pila baterako behar da odola; edozein operaziotarako, adibidez.
Askok, ordea, beldurra dute.
Beldurra dutenei esaten diegu lasai etortzeko. Lehenengo giroa ikusi dezatela, buelta bat eman dezatela, meriendatu... ez dute zertan odola eman lehenengo egunetik. Eta ezin duenak, ezin du. Ez da ezer pasatzen. Guk lan haundiena egin beharra ikusten dugu, pereza dutenekin. Horiek animatu nahi ditugu.
Zuek nolatan animatu zineten?
Ni (Nekane) Lourdesen bidez hasi nintzen. Beti joan nahi izaten nuen, baina bakarrik ez nintzen ausartzen eta behin bera bazijoala-eta, animatu egin nintzen. Ni (Lourdes) ere lagun baten bidez hasi nintzen.
Odol emaile lanetan ohituta, eta txupinazoa botatzen? Zuek izango zinetela jakitean, odola borborka jarriko zitzaizuen...
Aurreneko erreakzioa izan zen: “Ai ama, hau lotsa!”. Baina egia esan, ohorea da. Gustora egingo dugu. Hori bai, 22 urte daramazki Astigarragako odol emaileen delegazioak eta hori da, odol emaileak daudelako. Protagonistak beraiek dira, guk bakarrik, beraien izenean botako dugu txupinazoa. Eta laguntzen diguten guztiak ere igotzea nahi dugu.
Eta pentsatu al duzue zer esan?
Horretan ari gara, baina ez dugu beste munduko ezer prestatuko. Motxa izango da. Jendeak lehenbailehen hasi nahi du festa. Ensaiatu ere egin beharko dugu, ezta? Ehun ta ehun berrehun, aupa astiarra!
Festa zaleak al zarete?
Lourdes: Denbora batean gehiago ibiltzen ginen, baina oraindik ere gustatzen zait.
Nekane: Guk etxetik entzuten dugu musika guztia eta hobe izaten da kalean ibili! Egia esan, beti ibili izan gara festetan kalean. Oporretara ere inoiz ez ginen joaten festak pasa arte.
Ze egun gustatzen zaizue gehien?
Santa Ana eguna. Giro ederra izaten da eta herriko guztiak elkartzen gara. Denetik ikusten da plazan: gazteak, helduak... Plaza betea egoten da. Kanpora joan dena bizitzera ere, Santa Ana egunean bueltatu egiten da.