Maria Rosa Ayerbe Iribar historialari hernaniarraren liburu edo katalogo berria aurkeztu zuten asteartean, Agustindarren Komentuan. Lau mende eta erdian komentuko klausurako monjek jasotako dokumentuak biltzen ditu historialariak liburu honetan. Eta ez hauek bakarrik: Komentuarekin zerikusia duten beste hainbat dokumentu ere erantsi ditu bertan, artxibo ezberdinetan aurkitutakoak. Artxibo horiek berridatzi egin ditu, laburbilduta eta edozeinek ulertzeko moduan. Horrez gain, liburu atzean aurkibide onomastiko bat du, hau da, liburuan dauden izen edo hitz guztiak agertzen dira bertan, bilatzea errazteko.
Agustindarrei eta hernaniarrei buruzko dokumentuak
Dokumentu guztiek Agustindarren Komentuarekin zerikusi zuzena dute, eta hortaz, bertan bizitu diren monjen historia ezagutzeko aproposak dira. Eta horrez gain, Hernaniko historia bera ezagutzeko ere baliagarriak dira, hernaniarren eguneroko bizitzari buruzko hainbat dokumentu ere biltzen baitira bertan.
Liburua bi ataletan antolatua: artxibo historikoa eta
artxibo garaikidea
Historialariak bi ataletan banatu du liburua. 1) Artxibo historikoa: bertan aurkituko ditugu komentuari buruzko informazioa, eta administrazioarekin lotutako idatziak: donazioak, testamentuak, salerosketak...
2) Artxibo garaikidean berriz, monjek beste instituzioekin izandako harremana ikusteko aukera zabala dago: Udalarekin izandako harremana, monjek jaso dituzten bisitak, gastuak, eta abar.
Mª Rosa Ayerberi, omenaldia
Bukaeran, Udalak Mª Rosa Ayerbe omendu zuen, besteak beste, Hernaniko historiaren alde egiten ari den lanagatik.