DATOZEN Udal hauteskudeetan PPko zerrendaburua Mª Luz Anglada izango da. Gipuzkoako PPko presidentea den Mª Jose Usandizagak eman zuen atzo hautagaiaren berri, eta adierazi zuen Mª Luz Anglada bezalako pertsonengatik ez balitz ´mila hernaniarrek ez lukete botoa emateko aukera politikorik`. Horrez gain, azpimarratu zituen, hautagaiaren ´eskuzabaltasuna erantzukizun hau onartzeagatik`, bere ´lan egiteko gaitasuna, zalantzan jarri ezin dena` eta ´egoera korapilatsuenetan egoteko beti duen prestutasuna`.
´Elkarbizitza bultzatu eta eguneroko arazoak konpontzeko ahalegina`
Mª Luz Angladak eskerrak eman zizkion bere partiduari beragan konfiantza jartzeagatik, eta gogorarazi zuen Lezoko Udalean izan dela PPko zinegotzia, lau urtetan. Horrez gain, esan zuen konfiantza duela, lau urte hauetan jasotako esperientziak Hernanin lan on bat egiteko balioko diola. Bere asmoei buruz esan zuen espero duela Hernani ´elkarbizitza nagusi den herria izatea` eta datozen lau urteetako ahaleginak horretara bideratuko dituela esan zuen, ´eguneroko bizitzako arazoak konpontzen laguntzeko: osasuna, hirugarren adina, etxebizitza, segurtasuna, azpiegiturak eta abar luze bat, hauek baitira hernaniarrak benetan kezkatzen dituzten arazoak`.
´Duintasun demokratikoaren adibide`
Mª Jose Usandizagak azpimarratu zuen Hernaniko PPko hautagaitzaren garrantzia, ´baita Gipuzkoako beste herrietakoa ere, non beldurrak gizartea hartuta duen, eta horrek saihesten duen herriko bertako hautagaiak aurkeztea`. ´Egoera hau bereziki korapilatsua da, baina baita ere garrantzitsua`, gehitu zuen, ´izan ere Hernanin mila pertsona daude PPri botoa ematen diotenak, eta Mª Luz Anglada, Pedro Gandasegi, edo Javier Urbistondo bezalako pertsonak behar dituzte, erantzukizun hori hartuko dutenak, bizilagun hauek udaletxean ordezkaritza izan dezaten`. Mª Luz Anglada ´duintasun demokratikoaren adibide` dela esan zuen Gipuzkoako PPko presidenteak, ´askatasunarekin, gure lurraldearen konpromisoa duen emakumea. Bere ideiekin fidela, eta ideia horiek defendatzen zituztenen memoria duena. Gipuzkoako Partidu Popularrarentzat, harro egoteko modukoa da`. ´Bera adorea da, eta gure lurraldean dugun bokazioaren adibidea. Hernanirentzat nahi dugunaren adibide garbia da, herritarren partidua gara, gizarteari irekia; printzipioak dituen partidua` gehitu zuen presidenteak. ´Nor bera baino hobeto, konbentzitzeko lan egiten duena, ilusionatzeko lan egiten duena, gizartean konfiantza berreskuratzeko lan egiten duena, Gipuzkoa eta Hernaniren alde lan egiten duena, ikustarazteko udaletxeko gestiotik, etorkizun hobea badela, denontzat`.