Estreinaldian izandako arrakasta errepikatzeko asmoz, bere bigarren saioa eskainiko du Goiz Eguzki antzerki tailerrak. Recitando se va a Roma obra antzeztuko dute gaur, 18:00etan, Sandiusterriko aretoan. «Ordua iristeko desiatzen» daude taldeko kideak, eta seguruago ikusten dira eszenatokian, «lotsa gutxiagorekin».
Esperientzia apur hori izango dute lagun, badakite zer den tabladura igo eta jendaurrean antzeztea: «lasaiago egongo gara, askatasun gehiagorekin. Hala ere, pilak ondo kargatuta eduki beharko ditugu». Saioaren aurreko egunak ere, oso ezberdinak ari dira izaten, bederatzi aktoreentzat: «estreinaldirako, beldurrez ginen; orain, ordea, ordua iristeko desiatzen gaude».
Estreinaldia, arrakasta itzela
Hilabete asko lanean eman ondoren, San Joan jaietan egin zuten aurreneko agerpena, Goiz Eguzkiko aktoreek: «azarotik ari ginen momentu horretarako entsaiatzen». Horregatik, ezin hobeto prestatuta zeuden eguna iritsi zenean, eta saio ederra eskaini zuten: «zoragarria izan zen. Eskaileretan ere jendea zegoen, ikusi nahian».
Hasierako urduritasuna, eta bukaerako emozioa
Hasiera ez zen erraza izan, dena den. Urduritasunak jota zeuden: «inpresio haundia egin zigun, hainbeste ikusle egoteak». Baina, eszenatokira igo bezain laster, urduritasun guztiak uxatu zituzten, eta onena eman zuten. Azkenean, «oso emozionatuta» zeuden denak: «gehiagorako gogoz geratu ziren ikusleak, laburra egin zitzaien».
Saioa bera ez baita luzea, ordu erdiko iraupena du: «baina alferrik da luzatzea, aspergarriago egingo baduzu». Telebistako programei egiten die kritika obrak: «kultura aspergarritzat jotzen da, eta tirada duen edozein txorakeria garrantzitsuagoa da». Protagonistek, programa kultural bat sortzen dute, Recitando se va a Roma izena duena. Baina kulturak ez du garrantziarik, audientzia da inporta duen bakarra, eta horretara moldatu behar dute saioa.
Telebistako programei egiten die kritika obrak: «kultura aspergarritzat jotzen da, eta tirada duen edozein txorakeria garrantzitsuagoa da».
Bederatzi aktore dira, eta elkarri lagunduz, talde ederra osatu dute: «ez gara onenak izango, baina ez dago inor gu baino hobea».
Esperientziaren faltan ,gogo haundia
Urrian osatu zuten antzerki taldea, Goiz Eguzkin: «duela hiru urte ere saiatu ginen, eta orain baino gehiago izan arren, jendea borratzen joan zen». Bigarren saiakeran lortu dute. Kamen Mendiola aurkeztu zen antzerki tailer bat emateko, eta aurrera egin zuen proposamenak. «Antzezle izandakoa naiz», dio Mendiolak, «eta gogoa neukan horrelako zerbait egiteko, oso gauza ona delako antzerkia».
Bederatzi elkartu ziren, esperientziarik gabeak, «apenas txikitan arituak», baina gogo haundia zutenak. Oso gustura dabiltza denak, aktore lanetan: «oso dibertigarria eta atsegina da». Terapia gisa erabiltzen dute, entretenitzeko: «arazoak eta kezkak kanpoan geratzen dira, parentesi bat egiteko modua da».
Irakaslearen «pazientzia» eta ikasleen «inplikazioa»
Zuzendariak eta aktoreek, hitz politak baino ez dituzte elkarrentzako. «Oso irakasle ona daukagu, pazientzia ikaragarria dauka», diote aktoreek. Mendiolak, berriz, haiei ematen die meritua: «oso langileak dira, asko inplikatzen dira. Ez dute inoiz arazorik jarri, entsaioak luzatzeko edo gehiago egiteko».
Asko laguntzen diote elkar, dituzten arazoei aurre egiteko: bista oso gutxi, senarra hil berria, kantzerra... Familia bat bezala da taldea, eta horrek antzezlanean izan du bere islada: «ez gara onenak izango, baina ez dago inor gu baino hobea».