Opor garaia izaten da udara, eta asko dira jai egun horiek etxetik urruti pasatzeko aprobetxazen dituzten herritarrak. Lapurretak saihestu eta etxea seguru mantentzea izan ohi da askoren kezka. Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak gomendioak eman ditu, jai egun horiek lasai pasatzeko.
Gomendio guztien artean bat azpimarratu dute: «zeu zara zure etxeko zaintzailerik onena». Hortik abiatuta, diote, gomendagarria dela etxean eta garajean ate blindatua izatea. Txirrinak jotzen duenean, ireki aurretik behatxulotik begiratu behar dela gogoratu dute. Atea ondo ixteari ere, garrantzia ematen dio Barne Sailak: «ateratzean eta etxean zaudenean, beti itxi atea».
Lapurreta saiakeren aurrean hartu beharreko neurriak ere, zehaztu dituzte: «etxera sartu eta gaizkilea bertan bada, ez egin aurre; babesean jarri eta Ertzaintzari deitu. Eta sartu, eta lapurreta egin dizutela konturatu bazara, ez ukitu ezer, kanpora atera eta deitu 112 zenbakira. Gogoratu, prebentzioak arriskuak eta ezbeharrak saihesten ditu».