Gimnasioa paratu dute Asinko pabiloian, 20 bat aparaturekin

Kronika - Erredakzioa 2014ko uzt. 19a, 02:00

Ekainetik dago martxan eta dagoeneko 30 bat herritar egin dira bazkide. Udalean egin behar da eta urteko kuota 25 eurokoa da.

Goizuetarrek gimnasioa du­te ekainetik. 20 bat makinarekin osatu dute, Asinko pabiloian. Izaskun Bakero zinegotziak azaldu duenez, Bilboko gimnasio bat kendu behar zu­tela eta, sortu zen aukera: «baiezkoa eman genuen, eta lekua bilatzea izan zen ondorengo pausoa. Eskola parean dagoen Asin­ko pabiloia egokia zela iruditu zitzaigun. Pabiloi ttikiko ma­teriala handira pa­sa ge­nuen, eta hortxe paratu dugu».

Oinarrizko aparatuak
Gimnasioan oinarrizko makinak paratu dituzte, 20 inguru: muskulatzeko tresnak, oinarrizko bizikletak... Dutxarik ez dagoela azaldu dute, momentuz, nolako erantzuna duen ikusi nahi baitute: «jendeak erabiltzen duela ikusten badugu, orduan helduko dira hobekuntzak».

«Erantzuna ona ari da izaten»
Pozik daude herritarren eran­tzu­narekin. Bazkide sistemarekin funtzionatuko du gimnasioak, eta momentuz 30 bat lagunek eman dute izena: «guk funtzionatzea nahi du­gu, herritarrak bazkide egitea. Bazkide asko egiten badira, horrek esan nahi du erabilera emanen zaiola».
Urteko kuota eta gimnasioa erabiltzeko zenbait arau paratu dituzte: «25 euro ordaindu behar dituzte, zerbait sinbolikoa dela uste dugu. Prezio eskuragarria dela uste dugu. Arau batzuk ere paratu ditugu, baina oinarrizkoak. Zentzu pixka batekin ibiltzea nahi dugu. Ongi zaintzen badugu, denentzako onuragarria izanen da».
Gimnasioko bazkide direnek giltza bat izanen dute, eta ordutegirik gabe, nahi dutenean erabili ahal izanen dute.

Herritarren laguntza, eskertzekoa
Prozesu osoan herritarren eta bereziki gazteek emandako laguntza azpimarratu nahi du Bakerok: «gazteek lan asko egin dute. Udalak materiala paratu du, baina beraiek aritu dira lanean, guztia txukundu eta prestatzen. Makinen fun­tzionamendua erakusten ere, bi bolondres ari dira: Egoitz Zubiri eta Jon Zabaleta».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!