SANTIO usaina nabaritu liteke Astigarragako bazterretan. Egun gutxi falta dira festak eztanda egiteko, eta preludio gisa, hiru ekitaldi antolatu dituzte gaur: krosa, errumaniarren festa eta kontzertuak.
Korrikalariek, 7,3 kilometro aurretik
Astigarragako Herri Lasterketako 12garren edizioa izango da jokoan, 17:30etan. 7,3 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik, korrikalariek. 55 minutuko tartea da muga, zirkuituari 3 buelta emateko. Sariak bost bizkorrenek jasoko dituzte; emakume eta gizonezkoentzat izango dira. Eta aurreneko astigartarrak ere, izango du errekonozimendua. Lasterketan parte hartu nahi duten askok dagoeneko eman dute izena; eta azken ordurako utzi dutenek, proba hasi aurretik izango dute aukera, 9 euroren truke, Apestegi plazan.
Errumaniarren emanaldia, iluntzean
Errumaniarren komunitatea ere, presente izango da Santio bezperako ekitaldietan.Dantza eta poesia erakustaldia antolatu ditu Romaneasca elkarteak 20:00etan. Janari dastaketa ere, izango da.
‘Urumea Blues & Surf’ jaialdia
Bi musika emanaldi ere izango dira gaur, eguna borobiltzeko. 1go Urumea Blues & Surf jaialdia antolatu dute. 22:00etan, Asturias eta Donostiatik etorritako Lee Junior & His Band taldeak joko du, blues eta rock & rolla uztartzen dituen taldeak. Gauerditik aurrera hasiko da bigarren kontzertua, Surfin Burritos talde katalanaren eskutik; surf eta garage estiloko musika jotzen dute.
Santiotarako oharrak:
- Haurren txirrindularitza proba:
Santio Egunean jokatuko da. Zazpigarren edizio honetan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute kiroldegian; egunean bertan ere, izango da aukera.
- Otorduetarako txartelak:
Haur bazkaria antolatu du Xaguxar elkarteak hilaren 24an. Txartelak hilaren 22ra arte daude, Kiroldegian.
Gaztelekuko kideentzat bazkaria izango da hilaren 24an. Txartelak gaztelekuan daude, hilaren 21a arte.
Barrikotea egingo dute Santio egunean. Txartelak salgai daude 15 euroan, Zipotzan.
Santa Anako bazkarira joan nahi duenak, gaur du txartelak erosteko azken eguna, Zipotzan.
Bazkari herrikoia uztailaren 27an izango da. Txartelak hilaren 24a arte daude, 15 euroan, Kaizoku, Ikatza eta Txiki tabernetan, udaletxean, kiroldegian eta kultur etxean.
- Trafikoan aldaketak:
Bihartik Donostia ibilbidea itxita, sarrerako errotondatik Bidebitarte poligonoraino. Autobus paradak Poligonoko sarrera-irteeran aldatuko dira. Pelotari kaleko zati bat ere moztuko da umeen atrakzioetarako.
Hilaren 22-23tik Pelotari kale osoa itxita. Barandiaran Plaza eta Anuskako kaleak norabide bakarra, herriguneruntz. Herriko sarrera irteerak Galtzaur kaletik eta Iparraldetik egin behar dira.
Hilaren 22tik 28ra Tomas Alba kalea itxita; eta 13 zenbakiaren parean ezingo da kotxerik utzi. Garaje sarbidea, Galtzaur kaletik.
Hilaren 25eko txirrindulari proba dela eta, Arrobitxulon mozketak.
Hilaren 27an Kale Nagusia itxita Galtzaurtik Murgiaraino. 22:30-23:30 bitartean trafiko mozketa Kale Nagusian, Santio Zeharrean eta Donostia paselakuan Correfoc-aren eraginez. Trafikoa Bidebitarte poligonotik desbideratuko da.