Festa gosez dira Lizeagako bizilagunak, eta gaurtik hasita izango dute zerekin disfrutatu. Hiru eguneko egitaraua osatu dute, igandera bitartean. Hasteko, umeentzako ekitaldiak antolatu dituzte: 18:00etatik aurrera puzgarriak jarriko dituzte; eta ordu berean, mozorro lehiaketa ere antolatu dute; neska-mutilek 19:00ak arte izango dute epaimahaiaren aurretik pasatzeko aukera. Iluntzean Aitan- Etxe tabernan izango da festa giroa: tute txapelketa antolatu dute, 22:30etatik aurrera.
Lehiaketa, jana eta edana, arratsaldea girotzeko
Festak gaur hasiko badira ere, txupinazoa bihar botako dute, 18:00etan. Bi lehiaketa izango dira segidan: toka eta botea batetik, eta tortilla bestetik. Ordu hori izango da muga, tortillak entregatzeko; aurten ere, mota guztietakoak onartuko dira, baldintza bakarra goxoa egotea baita. Gainera, 10 aurrenekoek saria izango dute. Janari edanak lagundu behar izaten diola eta, sagardoa ere izango da aukeran. 18:45etan sagardo kata hasiko da. Gehienez 30 laguneko taldea osatu liteke, eta prezioa 3 eurokoa da; kata hasi baino 15 minutu lehenago jaso behar dira txartelak. Ondoren, sagardo dastaketa izango da auzotar guztien gozamenerako.
Auzoko koadrilak elkartzeari ere eman nahi izan diote garrantzia aurten, eta afaria antolatu dute bihar. Eguna bukatzeko, bi ekitaldi: poker txapelketa Pachecon, eta dantzarako tartea Boss Music DJarekin.
Igandea, egun haundia
Azkeneko eguna, igandea, izango da festetako egun haundia. Umeentzako jolasekin eta buruhaundiekin hasiko dute eguna. Eguerdi partea Jaixkipe txarangak girotuko du. Herri bazkarian elkartuko dira auzotarrak, 14:30etatik aurrera; txartelak Aitan-Etxe, Pacheco eta Lizeagan daude, 10 euroan.
Arratsaldean, mus txapelketa jokatuko da Lizeagan. Umeek ere izango dute ondo pasatzeko aukera, aparraren festarekin. Hiru egunetan jokatu diren lehiaketatako sariak ere, igande arratsaldean banatuko dira. Eta eguna eta festak bukatzeko, musika eta dantza dira proposamena: Modesto Ordoki Gizon Orkestrak jarriko du giroa azken orduetan.
Jolas parkea, eta trafikoan aldaketak
Txikienek festetako hiru egunetan izango dute ondo pasatzeko tartea. Izan ere, Larremendi kaleko parkinean, Zaharren Egoitza azpian geratzen den horretan, jolas parkea jarriko dute. Hori dela eta, asteazkenetik ezin da bertan aparkatu; eta ezta ere azpiko aparkalekuan.
Eta trafikoan ere, izango dira aldaketak. Igandean Larramendi kalea itxi egingo dute, Onddi kaleko bidegurutzeraino.
EGITARAUA
OSTIRALA
18:00, Puzgarriak
18:00, Mozorro lehiaketa
(zazpiak arte)
22:30, Tute-txapelketa Aitan-Etxen.
LARUNBATA
18:00, Txupinazoa
18:05, Toka eta botea.
18:15, Tortilla lehiaketa: tortillak entregatzeko momentua. Era guztietakoak onartuko dira. 10 lehengoek sari berezia izango dute.
18:45, Sagardo-kata
19:15, Sagardo-dastaketa: Alberro, Elorrabi, Rufino, Setien, Elutxeta eta Iparragirre sagardotegiek.
21:30, Koadrilen afaria.
23:00, Poker-txapelketa Pacheco tabernan.
23:00, Musika ‘Boss Music’ DJarekin
IGANDEA
10:00, Umeentzako jolasak eta hamaiketakoa
12:00, Buruhaundiak eta herri poteoa ‘Jaixkipe’ txarangarekin.
14:30, Herri bazkaria.
16:00, Mus txapelketa Lizeaga tabernan.
16:30, Aparraren festa.
17:00, Sari banaketa.
17:15, Modesto Ordoki: Gizon Orkestra.
20:30, Jaien bukaera.