Txapelketa internazionala, arrazakeriaren kontra eta Palestinako biktimekin elkartasunean

Kronika - Erredakzioa 2014ko uzt. 17a, 02:00

Kiroldegian jokatu zen eta zortzi taldek hartu zuten parte: sei Afrikakoak ziren, eta Brasilekoa eta Euskalduna beste biak.

Futbol txapelketa aitzaki hartu, eta dozenaka lagun elkartu ziren astearte arratsaldean kiroldegian arrazakeriaren kontra. Hernaniko Arrisala elkarteak antolatuta Txapelketa internazionala jokatu zen, zor­tzi talderen artean. Helburuak bi ziren: aipatu bezala, arrazakeriaren kontra borrokan segi­tzea; eta Palestinak bizi duen egoera gogora ekarri eta biktimei elkartasuna adieraztea.
Zortzi talde elkartu ziren Kiroldegian: ho­rien artean 6 afrikarrak zi­ren, eta brasildarra eta euskalduna beste biak. Final laurdenak, erdiak eta final haundia egun berean jokatu zituzten, 16:00ak eta 21:00ak bitartean. Talde euskalduna izan zen garaile, futbolari dagokio­nean. Antolatzaile eta partehartzaileen hitzetan ordea, asteartean «izugarriko anbientea gailendu zen». Txa­pel­ke­ta bukatzean Hernaniko mez­kitan elkartu ziren partehartzaileak, afari eder baten bueltan.

Arrisala elkartearen helburuak
Txantxillan du egoitza Arrisala elkarteak, eta lau helbururen bueltan egiten du lana. Leku bat sortu nahi du, pertsona edo elkarte ezberdinek kultura, esperientzia eta kezkak elkarbanatu ditzaten. Admi­nistrazioaren eta Hernanin bizi diren atzerritarren artean bitartekari lanak egin nahi ditu. Hernanik bizi duen prozesu interkulturalaren parte izan nahi du, elkarbizitzan eta garapenean parte hartuz. Eta azkenik, lagundu nahi du Hernanin bizi diren atzerritar komunitatearen arazoak konpontzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!