Gazte Informazio Gunea Gipuzkoako hainbat herritan dago eta baita Astigarragan ere. Lehen, kultur etxean zegoen, baina orain KZgunean bertan dago, Tomas Alba kalean (Zipotza parean). Ikasturtean zehar, goiz eta arratsaldeko ordutegian izaten da zabalik, baina uztailean, goizez bakarrik: 11:00-13:00. Abuztuan itxita egongo da.
Bertan, ordenagailuak erabiltzeko aukera dago eta interesatzen den informazioa inprimitzeko aukera ere bai. Edozein zalantza argitzeko, berriz, Olatz Aiestaranengana jo daiteke. Horrez gain, txartel desberdinak egin litezke: Aterpekide, Gazte Txartela, Ikasle Txartela, Irakasle Txartela... Informazio panelak ere badaude. Bertan ikusi daitezke lan eskaintzak, bekak, aisialdia… Intereseko informazio guztia, hain zuzen.
Ostiraletan, boletin elektronikoa argitaratzen da eta harpidedunei bidaltzen die korreo elektronikoz Aiestaranek. Astigarraga atala dauka eta bertan herriko ekintzak eta eskaintzak azaltzen dira. Ondoren, Gipuzkoa osokoak. Harpidetza egiteko: www.gipuzkoangazte.info.
KZgunea ere bai
Adin desberdinetako jendea ibiltzen dela dio Aiestaranek: «Berez, 30 urtera artekoentzako informazio bulegoa da, baina helduagoak ere etortzen dira ordenagailuak erabiltzera. KZgunearen funtzioak ere betetzen baititu, modu batean. Asko izaten dira lan bila dabiltzan etorkinak. Baita adinekoak ere bere garaian ordenagailuekin ibiltzeko hainbeste aukera izan ez zutenak eta gauza berriak ikasten dabiltzanak».
KZguneko dinamizatzailea uztailaren 21ean izango da bertan, 09:00etatik 13:00etara.