Festaz blai izango da gaur Kaxkoa. Karmen Eguna ospatuko dute egun osoan, Kale Nagusian hasi eta Kardaberazetik atera gabe. Meza izango da abiapuntua, eta handik aurrera, Dianak markatuko du festaren hasiera. Txupinazoa eguerdiko 12:00etan botako dute, Chucla farmaziaren parean; izan ere, Alkate izendatuko dute Maria Teresa Cuevas, sortzailearen alaba, eta oraingo botikariaren ama dena. Karmee Mujikak ere, bertan jasoko du omenaldia. Segidan Balkoi Lehiaketa antolatu dute, eta trikitixaren erritmoak girotuko du eguerdia. Auzotar asko eguerdi partean elkartuko dira, herri bazkarian. Arratsaldean, jokoa nagusi: kartak, toka, igela eta botea. Umeentzako puzgarriak eta txokolatada ez dira faltako, aurten ere. Eta bukatzeko, urteroko tradizioa: sardin jatea, Plaza Berrin.
KARMELE MUJIKA-OMENDUA: «Kaxkoan beti sentitu izan naiz oso gustora»
Ondo ezagutzen du Kaxkoko bizitza Karmele Mujikak. 32 urte egin ditu Haizea mertzerian, Kardaberaz kale hasieran. Jubilatzeko ordua heldu zaio, eta omenaldia egingo diote gaur, Karmen Egunaren harira. Ilusio haundiarekin jaso du notizia, errekonozimendu txiki modura: «eskertzekoa da. Eguneroko bizitzan, hartu-eman haundia izan dut bertakoekin, eta notiziak ilusio haundia egin dit. Esan beharra dut ordea, apuru pixka bat ere ematen didala... azkeneko egun hauetan nerbiosa antzera nabil!». Kaxkoa asko eboluzionatu da urteen poderioz, eta horren testigu izan da Karmele. Trafiko aldaketa izan da garapen hori markatu duen puntuetako bat, Kardaberaz kalea kotxe trafikora zabalik zegoen lehen eta orain herritarrek dute lehentasuna: «eskertu nuen aldaketa hori, bai herritar bezala, eta baita komertziante gisa ere». Erosteko modua ere, asko aldatu dela dio Karmelek, hala ere, lehengora itzultzen ari garela aitortu du: «denda ireki genuenean, hernaniarrek Hernanin erosten zuten. Urteetan kanpora joateko joera izan da. Eta azkenaldian ari da suspertzen, jendea kontzientziatua dago».
MARIA TERESA CHUCLA-ALKATE BERRIA: «Denok ezagutzen genuen elkar, umil bizi ginen»
Gutxik ezagutuko dute Kaxkoko bizimodua, Maria Teresa Cuevasek baino hobeto. 1916an jaio zen, orain Chucla farmazia dagoen horretan, Kardaberaz eta Atzietako ixkinean. Bertan jasoko du gaur Alkate makila, eta urtebetez, Kaxkoko zaindari izango da. Aurretik ere, lan horretan buru-belarri aritutako da Maria Teresa, herriko komertziorik zaharrenetako alaba baita, Cuevas famarziakoa, egun Chucla izenarekin ezaguna. Alkate izendatzearen notiziak ilusio haundia egin dio, berak dioen moduan «Hernani munduko herririk zoragarriena baita». Donostian bizi da, baina edozein aitzakia ona izaten du, etortzeko: «joan den urtean gure desfilea ikustera etorri zen, eta ederki pasa zuen, oraindik ere gogoan du egun hura» dio Maria Jose Chucla Cuevas alabak, eta egungo botikariak. Garai bateko kontuez galdetuta, Maria Tereseak dio, lehen elkar ezagutzen zutela guztiek: «beste mundu bat zen; orain indibidualistagoak gara. Oso umil bizi ginen, pentsa, orain 97 urtetaz ari naiz... bizimodu xumea zen». Aldaketa guztiak gertutik bizitu zituen Cuevasek: tranbia, Biteriko eskola, dantzaldiak, herriko telefono bakarra...
EGITARAUA:
09:00, Meza Agustinetan, Kaxkoko hildakoen omenez.
09:30, Diana.
12:00, Txupinazoa jaiei hasiera emateko. Alkatea: Maria Teresa Cuevas. Omendua: Karmele Mujika. Jarraian, Balkoi lehiaketa, eta trikitixa Kaxkoan zehar.
14:00, Bazkari herrikoia, Plaza Berrin.
16:30, Karta-jokoa Kardaberaz kalean. Bikoteak: bi emakumez osaturikoak edo mistoak.
16:30, Toka, igela eta botea, Kale Nagusian.
17:00-19:00, Puzgarriak Plaza Berrin.
18:00, Txokolatada Plaza Berrin.
20:00, Sari-banaketa: kartak, jolasak eta balkoi ederrena.
20:00-22:00, Sardin-jatea.
22:30, Txupinazoa jaiei amaiera emateko.