«Asko aldatu dira erosketa ohiturak»

Kronika - Erredakzioa 2014ko uzt. 16a, 02:00

Isa Mendiorozen janari dendak 32 urte beteko ditu abuztuan. Herriko janari dendarik zaharrena da, gaur egun. Urte gehien dituena bai, baina egungo premietara egokitua.

Zurea omen da herriko jana­ri dendarik zaharrena.
Bai, momentu honetan za­balik dagoen zaharrena da. 32 urte beteko dira zabaldu nuela. Jaio­tzez Amarakoa naiz eta 1982ko apirilean ezkondu nin­tzen Asti­garra­ga­ra. Urte bereko abuztu­an ireki nuen denda. Janari denden artean da zaha­rrena, tabernak bai baitaude zaharra­goak eta Mar Villa mertzeria ere zaharragoa da, besteak bes­te. Nik denda hartu eta gero­xea­go ireki zuen Mamenek. 

Biok Coviran denda dauka­zue. Nolatan funtzionatzen duzu kooperatiba honen ba­rruan?
Denda hau nik hartu aurretik ere janari denda zen. Ni lauga­rren jabea naiz, eta ni hasi nintzenean, SECUC koope­r­ati­ba­ren barruan zegoen. SECUC (Servicio Especial de Compra de Ultramarinos y Comes­tibles) Donostian sortu zen, 1955 urte­an. Janari denden kooperatiba bat izan zen, eta denda horien erosketak modu bateratuan egi­teko eta prezio merkeagoak lor­tzeko asmoz sortu zen. Koo­pe­ratiba, Gipuzkoa osora zabal­du eta ehundaka denda bildu zituen. Ergobian ireki zen egoi­tza bat. Garai batean, bertako eta inguruko askok egiten zuten bertan lan. 2002 urtean, Covi­ran kooperatibaren barru­an sar­tu zen SECUC. Coviran Gra­na­dan sortu zen eta Anda­lu­ziatik, estatu osoan zabaltzen joan da.

Asko aldatu al da urte haue­tan Astigarragako komer­tzioa? Denda asko itxi al dira?
Nik ireki nuenean, horrelako antzeko 5 denda zeuden Asti­ga­­rragan, eta beste bat Ergobi­an. Hala ere, ni nagoenetik, Asti­garragan ez da inoiz den­da pila izan. SECUCen idazkari eta diruzain lanetan ere aritu nintzen eta merkatuaren iker­keta egin nuen bere garaian. Ikerketa haren arabera, Asti­ga­rragan, %20 bakarrik sal­tzen zen. Azkenean, denda batzuk itxi eta beste batzuk ireki dira. Tankeran ibili gara beti, baina kontuan hartu behar da proportzioan orain askoz jende gehiago bizi garela herrian. 

Jendeak Donostiara joateko ohitura du erostera?
Lehen ere bazegoen ohitura Do­nostiara joateko. Hasierako ur­tee­tan, harrituta geratzen nin­tzen. Jendea ikusten nuen do­to­re-dotore jantzita, eta nora zijoazen galdetuta, hala­xe eran­­­tzuten zuten, erderaz: «A San Sebastián». Hernanira joateko ohitura ere izan da beti. Ostegun arratsaldetan Astiga­rra­ga hutsa geratzen zen, de­nak Hernaniko ferira joaten zirelako.
Baina asko aldatu dira eros­teko ohiturak, herri guztie­tan, oro­­korrean. Denetik dago, baina jendeak gutxiago erosten du orain denda txikietan.

Eta zure dendan, ze aldaketa nabaritu duzu?
Produktuetan, asko. Gauza des­berdinak saltzen dira orain. Or­du­tegia ere aldatu da. Lehen goize­an goiz irekitzen nuen, erosketak goiz egiten zirelako, izan ere, produktu batzuk bukatzeko arriskua iza­ten zen. Orain edo­zein ordu­tan joanda ere, ez da arazo hori izaten.
Horrez gain, hemen beti kostatu izan da bertako baserri­tarren produktuak saltzea. Izan ere, lehen denek zuten baratza eta ez zuten erosi beharrik. Orain hori ere aldatzen ari da, baratzarako ia lurrik ez baitago.

Hainbeste urtetan denda mar­txan mantentzeko, se­kre­turen bat izango duzu.
Denda txikiak modernizatzen edo eguneratzen ez bagara, pikutara goaz. Ni horretan saia­tzen naiz; bide berriak irekitzen. Orain, produktu eko­lo­gikoen alde egin dut apustua. Bertako produktuak eta ekolo­gikoak saltzen ditut, Lizardi baserrikoak, besteak beste.
Larunbat goizetan egiten dut produktu eskaera. Aurretik, ba­se­rritarrekin hitz egiten dut eta ondoren, hemen ez dagoe­na, kooperatiban eskatzen dut. Eta Astigarra­gakoak edo ekologiko­ak direne­an, jarri egiten dut.

Orain, festen buel­tan, mugi­men­du gehiago al dago?
Lehen festetan mugimendu as­ko nabaritzen zen herriko denda txikietan. Jendeak ohitura zuen familia artean bazkari edo afa­ri­ak egiteko eta gauza berezia­goak erosteko. Saiatzen nintzen gauza bereziagoak ekartzen, baina orain jendea gehiago ateratzen da, ez dira hainbeste otordu egiten etxean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!