Hernaniko alderdi sozialistak igerileku irekien inguruan dituen kezkak azaldu ditu Kronikara bidalitako prentsa oharrean. Bi kezka azaltzen ditu, batik bat: Gobernu Taldeak ez duela behar adina diru inbertitu igerileku irekietako taberna errentagarria izan dadin; eta ez datorrela bat tabernaren gestioari buruz Bilduk hartutako erabakiarekin.
«Tabernak urte osoan egon beharko luke zabalik»
Ekainaren 15ean zabaldu zen igerileku irekietako denboraldia. Zerbitzu bat baino gehiago eskaintzen dira bertan, horien artean, tabernarena. Alderdi Sozialistaren esanetan, Gobernu Taldeak 70.000 euro inbertitu ditu aurten zerbitzua hobetzeko asmoarekin, eta ez da nahikoa izan: «ez gaude dirua inbertitzearen kontra, gehiago inbertitu beharko litzatekeela uste dugu. Tabernak urte osoan egon beharko luke zabalik, eta ez udako 3 hilabeteetan soilik. Instalazioek horretarako aukera ematen dutela uste dugu, eta Udalak urte osoko errentagarritasuna izango lukeela. Udalak 900 euro jasotzen ditu orain, hiru hilabeteengatik, eta hori erraz gaindituko genuke».
«Tabernaren instalazioek urte osoan zabalik egoteko aukera ematen dutela uste dugu»
«Gardentasun falta sumatzen dugu»
Tabernaren gestioari dagokionean, PSE-EEk dio, 2008tik adjudikatzeko bi modu egon direla: «normalean lehiaketa publiko bidez adjudikatu izan da tabernaren gestioa. Urtebeterako izaten da, hobe esanda, udako 3 hilabeteetarako. Nahi dutenek izaten dute aurkezteko aukera. Urte batzuetan ere, gertatu izan da beste urtebetez luzatzea, aurreko urtean gestioa eraman zuenari».
Aurten ordea, Bilduk berak erabaki duela dio alderdi sozialistak: «gardentasun falta sumatzen dugu. Bilduk erabaki du lehiaketa publikorik ez ateratzea eta joan den urteko adjudikazioa ez luzatzea. Obrak egin eta instalakuntzak hobetu ditu, zegoena kaleratu du eta aurtengo gestioa eramango duena aukeratu du».
«Galdetu arte, ez dugu informaziorik izan»
Azkenik, PSE-EEk jakinarazi nahi du, galdetu arte ez dutela inongo informaziorik jaso: «hau da Bilduren lan egiteko modua, atzeko atetik eta isiltasunean». yy