Hernaniarrei aisialdirako alternatiba ezberdinak eman nahi dizkie Kontrakantxa Gaztetxeak, eta azken hilabetean lanean ari dira burubelarri. Axketa Mendi Taldea sortu dute, kasu honetan, mendiarekin zerikusi zuzena duen taldea. Hasteko, ekintza ezberdinak dituzte eskuartean: mendi irteera, eskalatzeko pareta... Baina buruan bueltaka, zerrenda luzea dute: «gauza asko egin nahi ditugu: eskalada, mendi martxak, rappela, alpinismoa, eskia, snowa... eta planteatu daitekeen beste edozein kirol».
Inaugurazioa festa giroan joango da: kamisetak saldu, edariak eta bokatak aukeran; eta bideo emanaldia bukatzeko.
Lan guztia, gazteen artean
Helburuak gazteen jarrera eta eskulanarekin bete daitezkeela erakutsi dute Kontrakantxa Gaztetxean. Joan den astean bukatu zituzten eskalatzeko pareta egiteko lanak: koxkorrak pintatu, pareta aukeratu eta egokitu, eta koxkorrak modu estrategikoan kokatu. Ilusioa nabari zaie: «hilabete eskas damakigu lanean, eta egia esan gogotsu ari gara, umore ona da nagusi».
Egindako lana herritarrei erakutsi eta zabaltzea da orain asmoa. Eta zer hobeto, inaugurazio festa bat baino! Ostegunean jarri dute hitzordua, 17:00etan gaztetxean. Kamisetak eta garagardoa jarriko dituzte salgai, eta iluntzea elkarrekin pasatzeko aukera ere izango da. Axketa bokadiloak salduko dituzte batetik; eta tripazorriak asetu eta gero, bideo emanaldia izango da.
Larunbatean Txindokira mendi buelta egin nahi dutenek, gaur dute izena emateko
azken eguna.
Txindokira irteera, larunbatean
Astebururako plana ere egin dute, oraingo honetan, Hernanitik kanpo. Mendi buelta antolatu dute Txindokin barrena. Xerpa eta guzti egingo dute bidea. Goizeko 08:30etan abiatuko dira Atsegindegitik.
Badakite Hernanin mendira joateko zaletasun haundia dagoela, eta irteera honekin kirola egiteko aukera eman nahi diete adin ezberdineko herritarrei. Irteeran parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute, eta gaur da horretarako azken eguna. Gaztetxean, Akerren eta Garinen eman behar da izena, eta prezioa 5 eurokoa da. Barne dira garraioa, Amezketan egingo duten parrillada, eta edaria.
Bilerak, asteartetan
Ostegunetik aurrera ekintza ezberdinak antolatzen jarraitzea da, Axketa mendi taldearen nahia. Jendea animatu nahi dute, elkartu eta ekintza eta irteerak antolatzera. Bilerak asteartean egiten dituzte, 20:30etan, Gaztetxean.