Bertan da Karmen eguna, eta urtero bezala, egitarau zabala prestatu dute Kaxkoan, jaiak ospatzeko. Denetatik egongo da asteazkenean, egun osoan zehar. Baina aurretik, badute zeregin garrantzitsu bat, Kaxkoko bizilagunek: balkoiak apaindu behar dituzte, eta Kaxkoko bandera jarri.
Izan ere, balkoi lehiaketa egingo dute, eta ederrenak jasoko du saria. Eguerdiko 12:00etan izango da hori, txupinazoaren ondoren. Aurten, Maria Teresa Cuevas Dañobeitiak egingo du alkatearen papera, eta Karmele Mujika omenduko dute. Jaiei hasiera eman ondoren baloratuko dituzte balkoiak, eta jarraian, trikitixaz alaituko dute Kaxkoa.
Goizean goiz, meza eta diana
Baina hori baino lehenago hasiko da Karmen eguna, Kaxkoko bizilagunentzat. Goizeko 09:00etan, meza egingo dute Agustinetan, Kaxkoko hildakoen omenez. Ordu erdi beranduago, diana irtengo da, denak erne jartzeko, txupinazorako.
Txupinazoa bota eta trikitixaz kaleak alaitu ondoren, bazkari herrikoia egingo dute 14:00etan, Plaza Berrin. Txartelak aurrez erosi behar dira. 15 euroan dauzkate, Aralar eta Oindi tabernetan, eta Migel Lujambiok.
Kartak, jolasak eta puzgarriak
Bapo bazkaldu ondoren, entretenimenduari eta dibertsioari egingo diote bidea. Karta jokoan ariko dira batzuk, Kardaberaz kalean; toka, igela eta botearekin asmatu nahian beste batzuk, Kale Nagusian. Eta haurrek, puzgarriak baino ez dituzte izango buruan, 17:00etatik aurrera.
Bitartean, txokolate goxo bat hartzeko parada ere izango dute, Plaza Berrin, 18:00etan. Patata tortilla lehiaketa ere egingo dute, arratsaldean zehar. Eta merienda eta lehiaketak amaituta, sari banaketentzako garaia iritsiko da. 20:00etan egingo dute, eta sari asko izango dituzte emateko: balkoi ederrenari, kartetan onenak izan direnei, eta jolasetan gehien asmatu duten jaurtitzaileei.
Sardin-jatea, eta itxiera
Garaikurrak banatu ondoren, tripa beteko dute berriro. Sardin-jatea izango da 20:00etatik 22:00etara. Eta orduan bai, egun osoko dibertsioari agur esan beharko diote. 22:30etan botako dute txupinazoa berriro, jaiei amaiera emateko.
EGITARAUA
09:00, Meza Agustinetan, Kaxkoko hildakoen omenez.
09:30, Diana.
12:00, Txupinazoa jaiei hasiera emateko. Alkatea: Maria Teresa Cuevas. Omendua: Karmele Mujika. Jarraian, Balkoi lehiaketa, eta trikitixa Kaxkoan zehar.
14:00, Bazkari herrikoia, Plaza Berrin.
16:30, Karta-jokoa Kardaberaz kalean. Bikoteak: bi emakumez osaturikoak edo mistoak.
16:30, Toka, igela eta botea, Kale Nagusian.
17:00-19:00, Puzgarriak Plaza Berrin.
18:00, Txokolatada Plaza Berrin.
20:00, Sari-banaketa: kartak, jolasak eta balkoi ederrena.
20:00-22:00, Sardin-jatea.
22:30, Txupinazoa jaiei amaiera emateko.