Amaitu da aurrekontu partehartzaileen aurreneko fasea. Udalak 500.000 euroko partida aurreikusi zuen, 2015eko aurrekontuetan, herritarrek zer egin erabakitzeko. Horretarako, proposamenak jaso dituzte maiatzean eta ekainean, buzoietan, internet bidez eta bileretan. Guztira, 211 proposamen jaso dira, eta udan zehar baloratuko dituzte udal teknikariek.
Aurreneko fase honetan, 357 herritarrek hartu dute parte. Horietako gehienek buzoien bitartez aurkeztu dituzte proposamenak, 258 herritarrek. Dena den, soilik 16 proposamen desberdin jaso dira buzoietan. Horrek esan nahi du, herritar askok eskatu dutela gauza bera.
Proposamen gehienak, saio irekietan
Udalak saio irekiak ere antolatu ditu, aurreneko fasean. Horietan ere, parte hartzea haundia izan da, eta elkarte askotako ordezkariak egon dira. Gainera, bertaratutako 79 herritarrek, aukera asko jarri dituzte mahai gainean: 175 proposamen jaso dira, bilera horietan. Internet bidez jasotako eskaerak 20 izan dira, beste horrenbeste herritarrek eginak.
Proposamenak sailkatzerako orduan, egin duenaren izaera izan da kontuan, hau da, banaka, elkarteak ordezkatuz edota auzo elkarteen izenean egin diren. Ia proposamen guztiak, 141, gaika sailkatu dira; eta 70, auzoen arabera.
Mota guztietako eskaerak
Jasotako proposamenak oso anitzak izan dira, tamainari, izaerari eta gaiari dagokionez. Horrela, ia dirurik eskatzen ez duten proposamenak jaso dira, eta baita 500.000 euroak gainditzen dituztenak ere. Gaiaren aldetik, arlo guztiek izan dute bere tokia, egindako proposamenetan: kirola, berdintasuna, kultura, mugikortasuna, plaza eta parkeak...
Errepikatuenak, hiru proposamen orokor
Hainbat proposamen errepikatu egin dira, eta alde horretatik, hiru izan dira gehien aipatu direnak: batetik, estalpeen ingurukoak, herriko gune ezberdinak estaltzeko eskatuz, horien artean: plazak, parkeak, frontoiak...
Bigarrenik, komun publikoen beharra azpimarratu dute askok, Kaxkoan, parkeetan, paseatzeko ibilbideetan...
Eta hirugarren multzo nagusia lokal eta espazioen erabilerena izan da. Udalarenak diren eraikin eta lokalak erabiltzeko proposamenak jaso dira, eta baita lokal berrien beharra adierazten dutenak ere.
Udalaren balorazioa, «oso positiboa»
Prozesuaren aurreneko fasea bukatuta, Udalak «oso balorazio positiboa» egin du, parte hartzeko bide ezberdinetatik, «ekarpen eta proposamen asko» jaso direlako. Gainera, nabarmendu dute guztiak «oso modu egokian» jaso direla, herritar bakoitzak proposamenaren zergatia azaldu baitu.
Hurrengo urratsa, balorazioa
Orain, jasotako proposamen guztiak udal teknikariek baloratuko dituzte, udan zehar. Horrela, zeintzuk diren bideragarriak zehaztuko dute, kontuan hartuz proposamenen kostu ekonomikoa, jasangarritasuna, arlo teknikoa...