Final laurdenak izan dira, aurten, Hernaniko taldeen topea, Donosti Cup futbol txapelketa internazionalean. Atzo amaitu zen torneoa, eta herriko bederatzi taldek hartu dute parte, mundu osoko kluben artean: sei talde mutiletan, eta beste hiru nesketan.
Ligaxkan, erronka zaila
Aurrena, ligaxka jokatu zuten, astelehenetik asteazkenera. Erronka zaila zuten guztiek, eta hiru taldek lortu zuten aurrera egitea. Mutiletan, Hernani BHIkoek pasea eskuratu zuten, B-14 eta B-15 kategorietan, biek aurreneko postuan. Eta nesketan, Hernani CD sailkatu zen hurrengo faserako, G-18 kategorian, bi partidu irabazi eta bat galduta.
Final zortzirenetan hasi zuten hurrengo fasea, mutiletako bi taldeek. Eta hor ere, garaipen haundia lortu zuten biek: Vasconiaren kontra 4-1, B-14 kategorian; eta STB Academyren aurka 1-0, B-15ean. Final laurdenetan, baina, amore eman behar izan zuten, Cap Jeunes 31 eta Praline Riberaren kontra.
Neskek ere ezin, Sant Gabrielen kontra
Neskek final laurdenetan hasi zuten bigarren fasea, G-18 kategorian. Sant Gabrielen kontra aritu ziren, baina haiek ere ezin izan zuten semifinaletan sartu. 2-0 galdu zuten.
Gainerakoak, kontsolazioan
Hernaniko beste sei taldeek, ezin izan zuten ligaxka gainditu, eta kontsolazio fasea jokatu zuten. Urrutien iritsi zirenak, Hernani CDkoak izan ziren, nesken G-16 kategorian. Ligaxkan hiru partiduak galduta, Touring eta Dunboa Eguzki menderatu zituzten kontsolazioan, eta semifinaletara iritsi ziren. Belgicaren kontra ezin izan zuten, ordea.
G-14eko neskek, berriz, Peñaflorida hartu zuten mendean, final zortzirenetan, baina Euskaldunak kanporatu zituen, hurrengo partiduan.
B-13 kategoria, oso zaila
Mutiletan, lau talde aritu ziren B-13 kategorian, eta gertutik ezagutu zuten dagoen maila. Hernani CDren B taldeak soilik lortu zuen partidu bat irabaztea. Kontsolazio fasean, berriz, final zortzirenetan kanporatu zituzten, Hernani BHI B bezala. Hernani BHI A eta Hernani CD A taldeek, final laurdenetan esan zuten agur.