Hernanin dira dagoeneko, Saharako haurrak. Urtero bezala, bi hilabete emango dituzte gure artean, Uda Bakean programaren barruan. Helburuak bi dira, Irantzu Jauregi Berdintasun teknikariaren arabera: «batetik, Saharako egoera politikoaren berri ematea; eta bestetik, haurren osasuna hobetzea, indartuta itzultzen baitira». Gaur egingo diete harrera Udaletxean, eguerdiko 12:00etan.
Hiru neska dira aurten, uda Hernanin pasako dutenak, 9 eta 12 urte bitartekoak. Horietako bi, Fatimetu eta Fatma, aurreko urteetan ere egon dira herrian, eta familia berdinarekin elkartuko dira, beste uda batez.
Hirugarrena, Salka, aurrenekoz etorri da, eta Fernando Estibarizek eta Isabel Lunak hartu dute etxean. Haiek ere, lehenengo esperientzia dute Uda Bakean programan, eta «oso inpresio ona» hartu dute: «neska alaiak dira, egun osoa pasatzen dute irribarrez, korrika eta saltoka».
Hiru neska sahararrek pasako dute udara Hernanin, eta gaur egingo diete harrera Udaletxean, eguerdiko 12:00etan
Solidaritatea herri sahararrarekin
Urteak zeramakiten Saharako haur bat ekarri nahian, herri sahararrarekin solidario izateko asmoz: «haurrak dira munduko injustizia guztiak sufritzen dituztenak». Ezagutzen zituzten beste familia batzuk, haur sahararrak etxean hartu zutenak, eta kontatzen zieten guztia «positiboa» zen.
Horregatik, lanak aukera eman dienean, Salka hartu dute etxean: «hasieran oso urduri geunden, nola izango zen dena. Baina gero, askoz ere errazagoa izan da». Zailtasun haundiena, hizkuntzarekin izan dute: «apenas egiten du gazteleraz, baina arazo hori ere gainditu dugu».
Plana, ingurunea ezagutu eta dibertitzea
Udarako plana egina dute honezkero. Goizak udalekuetan emango ditu, Maialen Torres begiralearekin -«berak asko errazten du dena», diote- eta arratsaldeak hondartzan, eguzkia denean. Hortik aurrera, ingurunea ezagutzera eramango dute: Errioxa, aquariuma, Miramon, Hondarribia... Eta baita dibertitzera ere, Igeldoko parkera. yy