Ondo baino hobeto pasa zuten haurrek astelehenean, zezenen aurrean korrika. Udalekuetan, San Ferminetako txupinazoa eta entzierroa ekarri zituzten Plazara, 12:00etan. Haurrez bete-beteta zegoen Plaza, guztiak txuriz jantzita eta zapi gorria jarrita. Behin eta berriro kantatu zieten zezenei, atera zitezen: «San Ferminetara, ondo pasatzera; zezenaren aurrean korrika egitera». Eta horretan aritu ziren, zezenak agertu ziren bakoitzean, ziztu bizian korrika.