Lau egun Bierzo inguruan, Santiago eguna aprobetxatuta

Kronika - Erredakzioa 2014ko uzt. 10a, 02:00

EZ ohiko irteera an­to­latu dugu Mendiriz Mendi elkartean, uz­tai­lean. Normalean, irteerak Euskal Herrian edo Pirineo in­guruan egiten ditugu. Orain­go ho­netan ordea urrutira goaz, Le­onera. Santiago eguna del­­a aprobetxatu eta lau egu­ne­ko asteburu luzea aitzaki ha­r­tu­ko dugu, Bierzo eskualdea ezagutzeko. Leon probintziako es­kual­dea bada ere, askok dio­te Ga­liziako bosgarren probin­tzia dela.

Meategi ikusgarrira, bisita
Horren adibidea da bisitatuko dugun Las Medulas meategia. Ponferrada hiri­bu­ru­tik hego mendebaldera da­goen meategi erraldoi hau,  Erro­­matar In­perioaren ga­raian zeru irekian egindako urre meategi handiena izan zen. Historiagile ba­tzuk diote ga­rai hartan penintsulako esk­ualde babestuena Bierzoko zati txiki hori zela.
Bertan burututako ingeniaritza lana izugarria izan zen eta paisaiaren eraldaketa izugarria ekarri zuen. Meategia 250 urtetan ustiatu zen eta 500 milioi metro kubo lur mugitu zirela kal­kulatzen da (Her­na­niko ha­rrobian baino 100 aldiz gehiago). Hamar eta hogei mila langile inguru aritzen zirela uste da.
Gaur egun paisai bitxia dago, gaztainondoz eta haritzez osatutakoa. Las Medulas inguruneak hiru izendapen ditu: Parke Kulturala, Mo­nu­mentu Natu­rala eta Unescoren gizon emakume guztien ondarea.
Bigarren egunean Ancares mendizerran barrena egingo dugu buelta. Ancares ingurune menditsua da eta oso gaizki komunikatuta egon da ia 20ga­rren mende bukaerara ar­te. Mendizerra bi mugen artean dago kokatuta: Leon eta Lugo. Mendiak ez dira oso malkartsuak, goi mendiko be­getazioan belardiak eta txilardegiak dira nagusi; lasaitasuna eta paisai ederrak ditu.
Larunbatean Leon probin­tziako mendi ezagunenetako bat egingo dugu: Catoute.

Irteeraren deskribapena
Goizeko 06:00etan abiatuko gara, uztailaren 31n.  Hamai­ke­takoa egiteko geratuko garenez, Las Medulas parkera ordu biak aldera iristeko gara. Tartetxo bat emango da jendeak bazkaltzeko aukera izan dezan; ondoren, hiru orduko ibilbidea egingo da bertako pai­saia eta mea-zuloak ezagu­tzeko. Bidea desnibel txikikoa eta erraza da. Elkartzen den jendearen arabera aukera izan­­go da ere bertan dagoen kobazulo bat bisitatzeko (or­dain­du beharreko bisita da). Egunari amaiera emateko, autobusa hartu eta Carracedo del Monasterio herrira joango gara, bertan izango baitugu lau egunetarako kanpo ba­sea.
Hurrengo egunean, goizean goiz esnatu eta gosaldu ondoren, autobusa hartu eta bi orduko bidaia izango dugu, Ancares men­­datera (1.670 m) iritsi arte. As­moa da,  Ancares krestaren za­­­ti handi bat egitea. Le­hen­da­biz­i Pico Cuiña (1.992 m) mendia igoko da. Hirurehun metroko desnibela jaitsi, eta lepo batera iritsiko gara. Bertatik hasita igoko dugu Pico Penalonga (1.890 m). Hurrengo lepora (1.700 m) jai­tsi ondoren, Pico Mus­ta­llar mendia (1.935) igoko dugu. Hemen­dik Burbia herrira (900 m) jaitsiko ga­ra. Bertan jasoko gaitu au­to­busak, kanpo basera itzultzeko. Ibilbidearen desnibel metatua 800 m gora eta 1.500 m behera izango dira. Iraupena zazpi ordu ingurukoa; irteera polita da.

Irteera uztailaren 31tik abuztuaren 3ra antolatu dute. Izen ematea, astelehenetik.


Larunbatean goiz abiatu eta autobusean Igüeña herrira hurbilduko gara; eta handik Es­pai­niko izen luzeena duen herrira: Co­linas del Campo de Martin Moro Toledano. Ordu eta erdi in­guruko bidai izango da. Gis­tredo mendizerran ko­ka­tuta dagoen Pico Catoute mendia (2.1.17 m) igoko dugu. Mendi hau Leon probintziako mendi altuenetakoa da, eta baita ezagunetarikoa ere. Ez du zailtasun berezirik; bakarra, malda gogorrak eta egin beharreko desnibela, 1.000 m gora eta beste horrenbeste behera. Ibilbide zirkularra izango da. Beraz igo eta jaitsi leku desberdinetatik egingo da.
Azkeneko egunean, itzuli aurretik, Leon hiriburuan bazkaltzeko asmoa dago. Beraz turismo apurra egiteko aukera ere egongo da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!