Eguraldi tristeak markatu du beherapen kanpainaren hasiera. Zuzenean eragin du horrek, dendarien salmentetan. Batzuek, gehiago saldu dute aurreneko egunetan, eguraldi txarrari esker. Besteentzat, ordea, kaltetan izan da, eta ez dute gorakadarik izan, prezioak jaitsita ere. Edozein kasutan, kanpaina hasi besterik ez da egin, bi hilabetez izango baita aukera, deskontu haundiak aprobetxatzeko.
Uztaila hastearekin batera jarri zuen martxan Hoki lentzeria dendak, beherapen kanpaina: «Bainujantzi guztietan dauzkagu deskontuak, %30ekoak». Abuztuaren 15era arte izango da horrela, eta hortik kanpaina bukaerara, erdi-prezioan egongo dira. «Sujetadoreetan ere badauzkagu beherapenak, %20koak, tenporada bukaerakoetan», dio Dami Morianak, dendako arduradunak.
Eguraldi txarragatik, beherapenei itxaron
Hoki lentzeriak «ondo» hasi du kanpaina: «Eguraldia ikusita, jendeak beherapeak hasi arte itxaron du, bainujantzia erosteko. Aurretik ez zuten behar». Horregatik, asko saldu dute lehenengo egun hauetan.
Uztaila oso garrantzitsua da Hokirentzat: «Urteko hilabete indartsuena da». Izan ere, deskontua duten bainujantziekin batera, beste produktu batzuk ere erosten ditu jendeak. Hala ere, bainujantziak dira salduenak, garai honetan, «bikiniak bereziki».
Eguraldi tristea, jantzi alaien kaltetan
Bestela hasi du beherapen kanpaina Eukene jantzidendak. Uztailak 2an abiatu zituen deskontuak, baina momentuz ez du gorakadarik nabaritu salmentetan. «Eguraldia kaskar dagoelako, momentuz oso lasai gabiltza», dio Eukene Rodrigo dendariak.
Euriak eta haizeak ez dute animatzen jendea, udako arropa alaiak erostera: «Txaketa eta manga luzearekin dabil jendea, oraindik ere».
Ia produktu guztiak dauzkate deskontuan: kamisetak, alkandorak, boltsoak, txaketak... Hiru beherapen ezberdin jarri dituzte, %50, %30 eta %20koak, eta bi hilabetez mantenduko dituzte. Hala ere, Rodrigok uste du, beherapenen indarra ez dela horrenbestekoa: «Telebistan ikusten diren ilara luzeak, El Corte Inglesen bakarrik ematen dira».