Mundu osorako bidaiak hartu dituzte herritarrek, uda honetarako. Hasi gertuko norakoetatik, Europako herrialdeekin segi eta urrutiko destino exotikoetaraino. Hernani Bidaiak agentzian, aukera asko daude, aurrekontu guztietarako, eta denetarik eskatzen du jendeak.
Bereziki, hegaldi zuzena edukitzeak erakartzen ditu herritarrak, agentziako arduradunek diotenez: «Errazago animatzen dira eskapada bat egitera, lau egun bakarrik izanda ere».
Udan, hiri askotara daude hegaldi zuzenak, Bilbotik: Londres, Paris, Roma, Venezia, Amsterdam, Estanbul, Estokolmo... Nobedade bezela, Polonia, Eskozia eta Kroaziara ere badaude zuzeneko hegaldiak, aurten.
Deskantsatu nahi duenak, hondartza nahiago
Oporretarako, plan desberdinak izaten dituzte herritarrek. Batzuk deskantsatzeko asmoarekin joaten dira. Horretarako, hondartza izaten da bidaiarien lehenengo aukera: «Cambrils eta Salou dira desiratuenak, eta baita Benidorm, Peñiscola edo Andaluzia ere».
Aurten indarra hartu duena Almeria da, Cabo de Gatako inguruetan. Irlak ere bisitatzen dituzte, hainbatek. Kanariar irletara eta Baleareetara joaten dira, eta baita Portugalgo Madeirara ere.
New York hiria ezagutu nahi dutenek, deskantsua ere bilatzen badute,
Punta Cana edo Riviera Mayarekin konbinatzen dute
Nahasmen politikoa duten herrialdeetara ere bai
Politikoki, egoera nahasia bizi duten herrialdeak ere, bisitatuko dituzte hernaniarrek. «Egiptora edo Jordaniara joango dira zenbait», zehaztu dute Hernani Bidaiaken.
Asian bertan, Vietnam izango da «destino exotiko bat». Zirkuitoak antolatu dituzte, herrialde osoa ikusteko.
New York, klasiko bat
Urrutira bidaiatzeko, ordea, New York da desiratuena: «Klasiko bat da. Urtero eskatzen dute, eta sasoi guztietan». Gainera, konbinazioak ere egiten dituzte: batetik, New York hiria ezagutu; eta bestetik, deskantsua. Horretarako, AEBetako hiriarekin batera, Punta Cana edo Riviera Maya hartzen dute.
Kruzeroak, luxuzko hotelak...
Kruzeroek ere arrakasta haundia izan dute azken urteotan: Greziar irletara, Eskandinaviara... Bestelako planik ere bada: hotel xarmagarrietara joatea, luxuzkoetara, alegia.
Onena, bidaiak denborarekin hartzea
Bidaiak hartzeko, onena denborarekin eskatzea izaten da: «Gero eta deskontu gehiago daude, eta prezioz hobeto ateratzen da, normalean». Hernani Bidaiaken, urte bukaerarako bidaiak saldu dituzte, dagoeneko.