Garraio Hiriaren inguruan Andoni Gartzia alkateari egindako elkarrizketa publikatu zen Kronikan, ekainaren 21ean. Elkarrizketa horren harira, EAJ-PNVk balorazioa egin zuen ekainaren 28an eta EH Bilduk salatu du, alkateari egindako elkarrizketa desitxuratu izana: «Hortxe, jeltzaleen trikimailua: “Gipuzkoarrentzat onuragarria bada, astigartarrentzat ere hala izatea nahi dugu" esalditik, "Gipuzkoarrentzat onuragarria bada, astigartarrentzat ere hala izango da" salto eginda, EAJren manipulazioa eta desinformazio makina, prest. Nahiz eta ekainaren 26ko Udal Batzarrean alkateak argi eta garbi utzi, EAJko Zorione Etxezarragari erantzunez, EH Bilduk Garraio Hiriarekiko duen desadostasuna», adierazi dute.
Eta gaineratu dute: «Esku artean dugun Garraio Hiriaren proiektua, Arantxa Tapiak, Astigarragako jeltzale ezagunenak, aurreko legealdian bultzatutakoa da. Ia 1.000 kamioientzako hormigoizko plataforma, astigartar jeltzaleek, Udalean, inolako kritikarik gabe eta isilpean onartutakoa. Gaur egun, Aldundia proiektua modifikatzen ari da, bideragarritasun irizpide errealetan sartzeko, beraz ez dago proiektu definitiborik. Argi dago, Garraio Hiriak onurak baino kalte gehiago eragingo dizkiola Astigarragari. Eta azkenean Perurenako lur horietan egiten bada, Astigarragako EH Bilduren aurkako iritziarekin izango da; baina horrek ez du esan nahi proiektuari ahalik eta zuku gehien ateratzen saiatuko ez garenik, astigartarron kezka, interes eta eskaera gehienak kontuan hartuz».
«Zein da EAJren posizioa?»
Hainbeste «nahaspila» eta «difamazioren» artean, zalantza bat argitu gabe dutela azaldu du EH Bilduk: «Zein da EAJren posizioa? Besteena asmatzen ibili beharrean, zergatik ez berea azaldu eta justifikatu? Astigarragako EAJren posizioa ez da soilik aldekoa, beraiek dira Garraio Hiriaren sortzaile eta bultzatzaile nagusiak».
Inkoherentziaz, EAJk jokatzen duela adierazi du EH Bilduk: «Gezurrean oinarritutako prentsa oharrean, EH Bilduren koherentzia eza ere salatzen du Astigarragako EAJk. Koherentzia eza egotzi digu, Landarbasoko errausgailuaren aurka azaldu eta gaur, berriz, herriko errausgailuzale amorratuenak ditugunak? 2008ko apirileko Udal Batzarrean, atez atekoa ezartzea onartu zutenak (EAJk, bai, baita H1!k ere), baina gaur gaitz guztien iturburu atez atekoa dela esaten dutenak? Astigarragako Ikastola haunditzea orain babesten dutenak, baina orain dela 6 hilabete diru partidari emendakina jarri ziotenak? Eta Elgopebi kasuarena, hori inkoherentzia da?? edo zerbait larriagoa?», diote.
Lanerako gonbitea ere luzatu dute: «Hurrengo hauteskundetarako 11 hilabete falta diren honetan, behingoz, jeltzaleek badute interesgarri zaien justifikazioa lanari ekiteko (hauteskundeak, noski). 3 urteetako balorazioa eskasa da, esku bateko hatzak soberan ditugu EAJren proposamenak zenbatzeko. Eta berriz ere gonbitea luzatu nahi diegu jeltzaleei astigartarren eta Astigarragaren aldeko lanari ekiteko, berandu bada ere, Astigarragak merezi baitu».
«Azkenik, herritarrei adierazi nahi diegu edozein zalantzaren aurrean, elkarrizketaren jatorrizko iturrira jo dezatela, hau da, ekainaren 21eko Urumeako Kronikara», diote.