Abentura eta orientazio raidetan ibiltzen da Alex Urbieta astigartarra. Oñatiko II. Raidean hartu du parte azkenekoz, orain dela bi bat aste, eta hurrengoa abuztu bukaeran egiteko asmoa du, Burgosen. Irailean, berriz, Laudiokoa. Iaz probatu zuen kirol mota hau aurreneko aldiz eta asko gustatu zitzaiola dio: «Egun pasa egiteko modua da eta bestela egingo ez zenituzkeen kirolak egiteko aukera dago». Sailkapenari kasurik egin gabe, ondo pasatzea da Urbietaren helburua.
Baina zer da abentura raida?
«Zehaztutako ingurune batean, balizak aurkitzea da kontua. Probaren irteeran, momentuan bertan, plano bat ematen dute baliza guztiak non dauden azalduz. Ahalik eta baliza gehien, ahalik eta denbora gutxienean lortu behar dira. Eta bertan, kirol desberdinak egin behar izaten dira. Bizikleta, korrika eta trekkinga, beti. Eta gainerako kirolak lekuaren arabera izaten da, ingurura egokitzen dira probak. Oñatin, adibidez, arku tiroa ere sartu zuten. Getxon, berriz, kayak eta eskalada egin genituen. Burgosen raftinga egiten da...», azaldu du Urbietak.
Aukera izaten da, 7 orduko proba egin edo 4 ordukoa. Urbietak azkenekoak, 7 ordukoak egin ditu. Ordu horien barruan bukatu behar izaten da raida. Orientazioak lanak ematen dituela dio Urretak eta kirol batetik bestera giharrak moldatzea ere gogorra egiten zaio.
Lehengusuak bultzatuta
Urbieta iaz hasi zen raidetan parte hartzen, Oscar lehengusuak animatuta: «Bizikletan ibiltzen nintzen eta lehengusuak beti esaten zidan probatzeko. Burgosekoa da berez, nahiz eta orain hemen bizi, eta hango lagun batzuekin ibiltzen zen. Behin batek failatu zuen eta ni atera nintzen. Egia esan, ez ditut asko egin. Laudiokoa izan zen aurreneko hura eta ordutik Getxon eta Oñatin atera naiz. Eta arrazoi zuen. Probatuz gero, gustatuko zitzaidala esan zidan eta orain zain nago hurrengoa noiz helduko», dio Urbietak.
Binaka hartzen da parte raidetan eta normalean lehengusuarekin osatzen du bikotea, baina denera, lau lagun ibiltzen dira.
«Disfrutatzera goaz gu»
Getxon 6 ordu eta 45 minututan bukatu zuten proba eta Oñatin 7 ordu eta 10 segundo behar izan zituzten. «Oñatiko proba gogorra izan zen eta gu ere desastre ibili ginen. Burgosekoak berandu iritsi ziren, gero proban bizikleta puskatu zitzaion bati... Hala ere, gu ez goaz konpetitzera. Disfrutatzera joaten gara; egun pasa. Goizeko 10:00etan hasten dira probak eta 17:00ak aldera bukatu. Ondoren, bazkaria izaten da. Dibertigarria da guretzat. Lagunekin elkartzeko aitzakia. Ondo pasatzea da gure helburua», dio.