San Ferminak gaur bukatuko dira Martindegi auzoan; ez ordea, behar bezala ospatu gabe. Ostiralean hasi ziren, eta eguraldi txarra iragarrita bazegoen ere, atzo arratsaldera arte ateri xamar eutsi zion ekitaldi garrantzitsuenetan. Euskal Festak bete zituen atzo, Martindegi inguruak. Joseba Esnaola eta Izeta IIak eman zuten espektakulua harria jasotzen. Esnaolak, bi minutu eskasean, bederatzi aldiz altxa zuen 140 kiloko harria. Izeta IIak harri borobilarekin duen abilezia erakutsi zuen, Plazan hara eta hona. Aizkoran Erasun gaztea azkarragoa izan zen atzokoan; 18:05 minutu behar izan zituen lanak txukun bukatzeko; Saralegik ia bi minutu gehiago: 19:50. Eta eguneko anekdota Arzallus eta Egaña bertsolariek jarri zuten. Martindegira iristeko autobia hartu, eta Errenteriaraino iritsi omen ziren. Berandu iritsi izanak eman zien nahikoa joko, aurreneko bertsoak botatzeko.
Gaur umeei zuzendutako ekitaldiak izango dira, batik bat: haur jolasak, marrazketa, pailazoak... Tiro karabina txapelketa, auzoko hildakoen aldeko meza eta kalejira ere izango dituzte, festak behar bezala agurtzeko.
GAUR
10:30, Auzoko hildakoen alde Meza (ondoren hamaiketakoa, Oialume tabernaren eskutik).
Jarraian, Haur jolasak.
17:00, Denak marraztera.
17:00, XLV. Tiro karabina lehiaketa.
18:00, Patxin eta Potxin.
Ondoren, Kalejira.