Txindokira mendi martxa, eskalada taldeak antolatuta

Kronika - Erredakzioa 2014ko uzt. 6a, 02:00

Kontrakantxa Gaztetxeak Mendi Eskalada Taldea sortu berri du. Irteera uztailaren 19an egingo dute; izena eman behar da. Prezioa, 5 euro.

Mendi eskalada taldea aurreneko pausuak ematen ari da Hernanin. Kontrakantxa Gaz­te­txeak sortu du taldea, eta asmoa da, herritarrei beste aisialdi modu batzuk eskain­tzea: «gizarte honetan hainbat kiroletan zentratzen gara soilik, bai haur, gazte eta helduak. Horregatik, sortzen ari garen talde berri honekin, beste aisialdi modu batzuk eskaini nahi ditugu, badakigu eta, Hernaniko gazte askori mendiarekin zerikusia duten ekintzak egitea gustatzen zaizkigula».
Eskalada taldearen helburu nagusia da, batez ere, gaztetxeari bizitza ematea. Eta horrekin batera, adin ezberdinetako jendeari aukera ematea kirol ezberdinak probatzeko: «kirol horien artean, es­kalada, mendi martxak, rappe­la, alpinismoa, eskia, snowa... eta planteatu daitekeen beste edozein kirol».

Mendi martxa, hasteko
Hainbat ekintza eta egitasmo dituzte eskuartean, eta horietako bat da, epe gutxira egingo duten mendi irteera. Txin­do­kira buelta antolatu dute, xerpak eta guzti. Uztailaren 19an egingo dute buelta, 08:30etan Atsegindegitik abiatuta. Pre­zioa 5 eurokoa da, garrai­oa, pa­rrillada eta edaria barne. Parte hartu nahi duten herritarrek izena eman behar dute Goiz Argin, Akerren edo gaztetxean bertan; uztailaren 15a da azkeneko eguna.

«Beste aisialdi modu batzuk eskaini nahi ditugu; badakigu Hernaniko gazte askori mendiarekin zerikusia duten ekintzak gustatzen zaizkigula»

Rokodromoa, etorkizuneko erronka
Etorkizunera begira, gazte­txeko kolore gelari erabilpena eman nahi diote. Eta proposamena da, rokodromoa bertan eraikitzea. Arrazoi asko dituzte: horietako bat, jende gutxik probatu duen kirola dela: «hasiera batean erraza da. Hernanin lehendik ere badago ro­kodromo bat, baina zailtasun asko daude bertara sar­tze­ko: horien artean, giltza lort­zea. Gainera, zailtasun haun­diko rokodromoa da. Gaztetxean eraikita, gure osasunerako egokia den aisialdi zerbitzu bat eskainiko genuke, ezberdina dena». Roko­dromoak gazte­txeari sekulako bizia emango liokeela diote: «jende ezberdina elkartzeko aukera ederra litzateke, eta kolore gelari erabilpen bat emateko aitzakia perfektua».

Ekintzak, dirua lortzeko
Rokodromoa eraikitzeko be­har diren material ezberdinak lortzeaz arduratuko da Mendi eskalada taldea, eta diru gastuei aurre egiteko ekintzak antolatuko dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!