Onartu dira 7 etxebizitza alokairuan emateko baldintzak

Kronika - Erredakzioa 2014ko eka. 28a, 02:00

Udalak jakinaraziko du epea noiz zabalduko den eskaerak aurkezteko. Horrez gain, Plenoak onartu zuen larrialdi guneetan bideokamarak
jartzea, eta bi mozio: Juan Carlos Borboikoaren abdikazioa eta 5 kubatar.

Alokairu sozialeko babes ofizialeko 7 etxebizitza zozketatuko ditu Udalak eta zozketa hori egiteko baldintzak onartu zituen ostegunean, Plenoak. Aho batez onartu ziren.
Etxebizitza horiek Urumea Berrin orain eraikitzen ari diren etxebizitzak dira. 1 eta 3 atarietan egongo dira. 1go atarian: 2 logelako 2 etxebizitza eta 3 logelako etxebizitza 1. Eta 3garren atarian: 3 logelako 3 etxebizitza eta 2 logelako etxebizitza 1. Ba­bes ofizialeko garajeak eta trastelekuak ere etxebizitzei loturik joango dira. 55 eta 77 m2 artean izango dituzte etxe hauek.

Erroldatuta, baldintza ekonomikoak...
Hainbat baldintza pertsonal kontuan hartuko dira zozketan sartu ahal izateko: erroldatze bidezko lotura beharko da, etxebizitza premiaren baldintzak betetzea, baldintza ekonomikoa betetzea (urtean gutxienez 3.000 euroko eta gehienez 21.000 euroko diru sarrera izatea, besteak beste), atzerritarrentzako betekizunak...

4 kupo desberdin
Banatu beharreko 7 etxebizitzetatik, kupo desberdinak gordeko dira hainbat gizarte-sektoretarako. 1go kupoa: babes bereziko gizarte egoeretarako (guraso bakarra eta adingabe bat, genero indarkeriaren biktimak, 70 urtetik gorakoak, desgaitasun psikikoa dutenak...), 2 logelako etxebizitza bat gordeko da. 2garren kupoa: guraso bakarra eta 2 adingabe edo gehiago dauzkaten kasurako, 3 logelako etxebizitza bat gordeko da. 3garren kupoa: 30 urtetik beherakoentzat, 2 logelako 2 etxebizitza gordeko dira. Eta 4garren kupoa: 4 kide edo gehiago dituzten bizikidetza-unitateentzat, 3 logelako 3 etxebizitza gordeko dira.
Kupo bakoitzaren kasuan, onartuen zerrenda bat osatuko da, baita itxaron zerrenda bat ere, ondorio guztietarako.

Eskaerak aurkezteko, 20 laneguneko epea
Eskaerak aurkezteko epea oraindik ez da ireki. Astiga­rra­gako Udalaren Iragarki Taulan eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean irekiko da. Orduan, eskaerak aurkezteko 20 laneguneko epea egongo da. Udalak jakinaraziko du epea noiz zabalduko den. Ondoren, behin betiko zerrenda osatuta, zozketa non eta noiz egingo den ere zehaztuko du Udalak.

Kontratua, urtero aztertuko da
Alokairu kontratuak hiru urteko iraupena izango du. Epe hori igarota, errentariak Uda­laren esku utzi beharko du etxebizitza. Kontratua urtetik urtera errebisatuko da. Infor­mazio gehiago, udaletxean.

Lokalak, etxebizitza
Mirasol Etxean, lokalak etxebizitza egiteko interesa azaldu du jabeak eta Plenoak onartu egin zuen eskaera, aho batez. 5 etxebizitza tasatu egingo dira, astigartarrei irekiak.

Larrialdi guneetan, kamarak
Larrialdi guneetan, hondakinak behar bezala bereizten ez direla ikusita, bideokamarak jartzea onartu zuen Plenoak. Gobernu Taldeak alde bozkatu zuen, EAJ-PNV abstenitu egin zen eta H1!ek aurka bozkatu zuen. EAJk ez zuela ondo ikusten azaldu zuen eta H1!ek errepresioaz hitz egin zuen. Herritarren kontra isunak jar­tzen ari direla gaineratu zuen eta herriari hitz eman behako lioketeela hondakinen gaiaren inguruan. Alkateak erantzun zuen helburua ez dela isunak jartzea, herritarrek ondo egitea baizik eta arautegia betetzea.

Alokairuko etxeen kontratua hiru urtekoa izango da. Ondoren, Udalaren esku utziko da etxea.

Juan Carlos Borboikoaren abdikazioa
Juan Carlos Borboikoaren adbikazioaren aurrean mozio bat ere aurkeztu zen. Gobernu Taldearen aldeko botoekin onartu zen. EAJ abstenitu egin zen eta H1!ek ez zuen bozketan parte hartu. Mozioak hala dio: «Udalak benetako haustura demokratikoaren aldeko aldarrikapena egiten du, euskal herritarrok gure herriaren etorkizuna erabakitzeko du­gun eskubidea aldarrikatuz. Era berean, herri onek ez dio inolako zilegitasunik onartzen Espai­niako Koroaen inongo ordezkariri. Eta bizi dugun egoera politikoaren aurrean, gure herriaren aitortza eta erabakitzeko eskubidea eskuratzeko helburuarekin lan egiteko deialdia luzatu nahi diegu Euskal Herriko alderdi politiko, sindikatu, eragile eta herritarrei». EAJk azaldu zuen ez zitzaiola inporta Espai­niako monarkia. H1!ek adierazi zuen, espainiarrek erabaki beharrekoa dela monarkia edo errepublika. «Guretzako berdin da bat edo beste. Gu neutralak gara horren aurrean, beste herrialde bat delako. Gu ez gara espainiarrak».

Bost kubatarren auzia
Beste mozio bat ere onartu zen, AEBetan kondenatutako bost kubatarrei buruzkoa. Gobernu Taldeak alde bozkatu zuen, EAJ abstenitu egin zen eta H1!ek aurka bozkatu zuen. Honakoa onartu zen: «AEBko presidenteari dei egin nahi diogu bere betearazle ahalmena baliatu dezan egoera larri eta bidegabeko honi irtenbide bat emateko. Hau da, AEKKO gobernuari eskatu preso hauek kartzelatik atera ditzala». Akordioa Kubako enbaxa­da/
kon­­tsu­la­tuari, AEBko enbaxada/kontsulatuari eta kanpo-ara­zoetako ministerioari bidaliko dio Udalak. EAJk azaldu zuen ez zuela Kubako errealitatea behar adina ezagutzen gauza bat edo beste bozkatzeko. H1!ek salatu zuen Kuban 50 urteko dik­tadura bat bizi dutela eta lagundu beharrekoak ez zirela 5 pertsona horiek baizik kubatarrak: «Ez gaude ados ez eskubiko ez ezkerreko diktadura batekin».

Ikastolarako dirua
Alkateak jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak diru laguntza onartu duela Astigarragako Ikastola­ren haunditze lanetarako. Lehenengo faserako 304.107,00 euroko laguntza izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!