Eskola haunditzeko lanak urrian hastea espero da

Kronika - Erredakzioa 2014ko uzt. 5a, 02:00

Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzaren zain zegoen Udala eta behin hori onartuta, proiektu definitiboa prestatuko du orain, uztailean.

Joan den astean, Eusko Jaurlari­tzako Hezkuntza sailak jakinarazi zuen, Udalak eskatutako diru laguntza emango zuela Astiga­rra­gako Herri Eskola haunditzeko. 1go faserako izango da. Uda­lak prentsaurrekoa eman zuen ostegunean eta oso pozik daudela azaldu zuten Andoni Gartzia al­kateak eta Maite Olatziregi alkateorde eta Hezkuntza zinegotziak, «urteetako aldarrikapenari eran­tzuna emango diogulako». Uda­lak aurreproiektu bat egina du, baina orain behin betiko proiektua zehaztuko du eta lehenbailehen hasiko dira lanekin. Urrian bertan hasiko direla aurreikusten dute. Asmoa da, urtebeteko lana izatea, hau da, 2015-2016 ikasturterako martxan izatea.
Dena dela, aurrelan batzuk egitea beharrezkoa ikusten dute eraikitzen hasi aurretik eta lan horiek udara honetan egingo dira, eskolako erabiltzaileei ahalik eta eragozpen txikiena sortzeko. Txikien jolastokiko estalkia kenduko dute, lurrak mugitu... Ahalik eta eragozpen gutxien sortzen ahaleginduko direla azpimarratu dute eta pazientziarekin hartzeko eskatu diete herritarrei.

Gobernu taldearen lehentasuna
Alkateak azaldu zuen, Astiga­rraga osoaren urteetako aldarrikapena izan dela Ikastola duin baten beharra eta gobernu talde honen lehentasuna izan dela legegintzaldi hasieratik: «oinarrizko zerbitzu eta azpiegiturak defendatzea eta kalitatezkoak izatea delako gure helburua», dio. «Legealdi honetan, Udalak, Hezkuntza sailarekin batera, 1.500.000 euro inbertitu ditu Ikastolan, aurreko legealdian baino 1.000.000 euro gehiago», gaineratu zuen.
Aurreproiektuaren arabera, denera, 897.000 euroko kostua izango dute lanek. 1go faseko kostua, 506.850 eurokoa izango da. Jaurlaritzak 304.100 euro emango ditu (%60) eta Udalak 202.740 euro jarriko du. Bigarren fasea 390.150 euro izango da eta 2015eko aurrekontuan sartuko du Udalak.
Alkateak, oposizioaren «ba­bes eza» ere salatu zuen: «Inpro­bisatzen ari ginela esateaz gain, aurtengo aurrekontuetako Ikas­tolaren partida kritikatu zuten, gure eskumena ez zela esanaz. Hala ere, azken mo­mentuan babesa eman dute eta hobe berandu, inoiz ez baino».

31 gela denera
Eraikin berria, eraikin zaharrari pegatuta egingo da, txikien jolastokian. Bi pisu izango ditu, eta besteak beste: 6 ikasgela berri (orain artekoak baino haundixeagoak), Lehen Hez­kun­tzako ikasleen jangela (ki­rol­degiko jangela bertara eramango da, kiroldegian espazio berri bat utziz), erabilera anitzeko gela bat (antzerkirako, dantzarako, laborategia...), komunak eta estalitako jolasgune berri bat. Eraikin honek, he­rriaren behar batzuei ere eran­tzungo diela nabarmendu zuten, erabilera anitzeko gela eta estalitako gune berria herritarrei irekiak izango baitira, besteak beste.
6 gela berriekin, Astigarra­gako eskolak 31 gela izango ditu. Egungo premiei erantzungo diela azaldu zuten: «2014/15 ikasturtean, 543 haur daude matrikulatuta Astigarragako eskolan. Haur Hez­kuntzan hasiko diren haurrak 69 izango direnez, eta datozen urteetako aurreikuspenak ildo beretik doazenez, derrigorrezkoa da mai­la guztietan 3garren lerroa izatea, hau da, 3 gela. Eskari horri modu egokian erantzungo diogu orain».

Institutua, erronka
DBHrako institutua lortzea da orain Udalaren erronka. Lurra erreserbatuta dago eta Aldun­dia­ren onarpenaren zain daude.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!