Platano dantza lehiaketa izango da aurten ere, Martindegiko festetan. Txapelketa xelebrea izaten da, umorez betea. «Oso polita izaten da, eta parte hartzaile asko biltzen dira», dio Xabier Barrenetxeak, antolatzaileetako batek. Guztira, 30-40 bikote aritzen dira, adin guztietakoak. Parrandan dagoen jendea da, goizeko 04:30 aldera izaten baita: «edadetuak ere aritzen dira platano dantzan».
Laiotz taldearen saioa bukatzean, hasiko da platano dantza lehiaketa. Lehendabizi, bikoteak osatzen dira, mota guztietakoak: mutila eta neska, mutila mutilarekin edota neska neskarekin. Bikote bakoitzari petoak ematen zaizkio, dortsalarekin. Ondoren, zirkuitu bat markatzen dute, proba gunea izango dena. Ez dago zirkuitutik ateratzerik.
Musika, gelditu gabe
Dena prest dagoenean, platanoak zuritu, eta bikote bakoitzari bana ematen zaio. Ahoarekin eutsi behar dute, bakoitzak punta batetik. Orduan hasten da musika. Bi musikari, jo eta jo aritzen dira, gelditu gabe, eta estilo batetik bestera saltoka: fandangoarekin hasi, orain balsa...
Helburua, platanoari eustea, dantza egin bitartean
Une bakoitzean, musikariek jotzen duten erritmora egin behar dute dantza bikoteek. Eta hori guztia, platanoa ahotan eutsiz. Horixe baita helburua, platanoa luzaroan eustea. Irabazlea, denbora gehien irauten duen bikotea izango da.
Ideia, Donostiako festetan
Donostiako festetan ikusi zuten lehenengoz platano dantza, eta Martindegin egitea erabaki zuten. Urte asko daramatzate lehiaketa antolatzen, eta oso ondo ateratzen da urtero: «sekula dantzan ikusten ez duzuna ere, hortxe aritzen da platanoarekin; ligatzeko asmoz parte hartzen duenik ere bada...».