Urtero bezala, bere lekua izango dute trikitilari gaztetxoek, Martindegiko festetan. 18garren edizioa izango du Trikitilari Gaztetxoen Txapelketak, bihar 17:30etan. Bost bikote ariko dira, nor baino nor, ikusleen belarriak goxatzen.
Martindegi auzokoa izango da bikoteetako bat, eta Hernanikoa beste bat. Etxean ariko dira, baina ez dute lan erraza izango. Beste hiru bikote egongo dira, inguruko herrietatik etorriak: Billabona, Tolosa, Donostia... Maila haundiko trikitilariak izaten dira, eta saio bikaina eskaintzen dute.
Hiruna pieza eta ordubete inguruko saioa
Hiruna pieza jo beharko ditu bikote bakoitzak. Abestia librea izaten da, baina erritmoa finkatuta izaten dute. Ordubete inguru iraungo du saioak.
Ikusleek gozatuko dute emanaldiaz, baina onenak zein izan diren erabakitzea, ez da beraien esku egongo. Bi epaile izango dira, musikarekin lotura haundia dutenak: maisuak, musikariak... Serio eta zorrotz aritzen dira puntuak ematen. Azkenean, puntuaziorik onena lortu duen bikotea izango da irabazle.
Txapeldunek kopak eta txapelak jasoko dituzte, baina denek izaten dute dirua saritan, eta baita oroigarriak ere. Edozein kasutan, oso lehiaketa berdindua izaten da, eta desenpatea ere jokatu behar izan dute, kasu batzuetan.
Aurreneko edizioa, trikitixa indarrean zegoen garaian
Urte asko dira Trikitilari Gaztetxoen Txapelketa antolatzen dutela, Martindegiko festetan. Trikitixa indarrean zegoen garaian hasi ziren, eta oso ondo atera zen, jende asko erakarri baitzuen.