Zein da Hernaniko gazteen egoera? Zein behar dituzte? Hori eta beste hainbat galderei erantzuna eman nahian ikerketa prozesua abiatua du Hernaniko Udalak, Aztikerren laguntzarekin. Urtarrilean ekin zioten aurreneko faseari, eta atzo egin zuten aurkezpena: nola joan den eta zein ondorio atera dituzten azaldu zuten. Aurrera begira, irailean partehartze prozesua martxan jarri eta talde eragile bat sortzeko asmoa dutela azaldu zuten: uztailean zehaztuko dute bigarren fase hori.
Markel Ormazabalek egin zuen atzoko aurkezpena, Udaleko ordezkari, Gazte Txokoko kide eta prozesuan parte hartu duten zenbait gazteren aurrean.
12 elkarrizketa, 23 herritar
Prozesua hiru helbururekin jarri zuten martxan: Hernaniko gazteriaren egoera zein den aztertu; hauen iritzi, joera eta behar nagusiak detektatu; eta Udalarekin batera, gazte politikaren inguruko hausnarketa egin.
Prozesu osoan zehar 12 elkarrizketa egin dituzte, eta 23 herritarrek hartu dute parte. Banakako elkarrizketak, Ormazabalek «sakonak» terminoarekin definitzen dituenak, bederatzi izan dira. Horiez gain, hiru taldetan banatuta, hiru elkarrizketa egin dituzte. Talde hauek hiru adin tartetan banatu dituzte: 16-17, 17-23 eta 24-30. Horrez gain, hiru aditurekin ere bildu direla azaldu zuen Ormazabalek: «gazte politikan lanean ari diren 3 aditurekin elkartu gara, hauen iritzia eta hausnarketa jakin nahian».
Ondorioak, 10 ataletan
Egindako diagnosiarekin txosten luzea osatu du Aztikerrek. Ondorioak ere atera dituzte; atzo 10 ataletan banatuta aurkeztu zituzten.
Ormazabalek azaldu zuenez, ateratako ondorioetako bat da gazteen inguruko iritziak ez direla homogeneoak, berdinak: «iritzi kontrajarriak dituzte maiz. Batzuentzat joera nagusia indibidualismoa da; beste batzuek ordea, gaztaroa bizitza aktibo eta ekintzailearekin lotzen dute».
Krisi ekonomikoak ere larritzen ditu gazteak, Ormazabalen esanetan: «gazteek ideia komun bat dute: egoera ekonomikoa larriki ari direla sufritzen. Etorkizuna oztopo askorekin ikusten dute».
Falten artean, lana eta etxebizitza dira bi erantzun nagusiak: «independentzia edo autonomiarako bidean, etxebizitza eta lana falta zaie; hauek dira arazo nagusiak. Soluzio posible gisa eman dituzte, alokairu soziala eta Udalarekin trukeak egitea».
Aisialdia eta lagun taldea asko baloratzen dituztela ere ondorioztatu dutela azaldu zuen Ormazabalek.
Aurrekoarekin lotuta, gazteentzako eskaintza gutxi dagoela diote: «aisialdi aukeraz hitz egitean, Hernani parranda eta jai giroarekin lotzen dute. Guztiek aipatu dituzte Gazte Olinpiadak, modu positiboan. Gazteen arteko harremanetan eragin haundia duten bi joera ere aipatu dituzte: Koadrilen kultura eta Gazte Lokalak».
Administrazio publikoa eta gazteen artean distantzia dagoela da atera duten beste ondorioetako bat: «gazteek diote, apenas ezagutzen dituztela Udalak gazteentzat antolatzen dituen egitasmoak. Gertutasun gehiago eskatzen dute, eta batez ere, beraien iritzi eta errealitatea kontuan hartzea». Bide beretik segita, gazteen partehartzea bultzatzea positibo ikusten dute: «funtsezkotzat jotzen dute. Hala ere, beste ondorioetako bat da, partehartze hori bultzatzeko Udalak beste oztopo batzuei eginbehar dietela aurre: interes falta, aurreiritziak... bien arteko distantzia gutxitzea beharrezkotzat jotzen dute».
Eta azkenik, gazte politika baten beharra ikusten dute: «betiere, gazteei galdetuta egin beharrekoa. Hernani herrian oinarritua egitea eskatu dute, eta ez kanpotik ekarritako ereduekin».