Astigarragako EAJ-PNV Udal taldeak mozio bat aurkeztu du honakoa eskatuz: Astigarragako Udalak Doña Concha Echeverria Miranda Astigarragako alaba kuttun, astigartar txit goren, izendatu dezala.
Arrazoiak azaldu ditu: «Concepción Echeverria Miranda 1856ko maiatzaren 20an jaio zen Astigarragan. Herritik kanpora ezkondu zen arren, alargundu zenean Astigarragara itzuli zen. Egun, kultur etxea dena, berak eraikitzea agindu zuen, bere bizilekua izan zena, eta etxearen inguruko zenbait lur sail ere berak erosiak dira. Jabego osoa, berak sortu zuen fundazioari utzi zion, 1930eko urriaren 27an erregistratu zen Asilo-Escuela de Huérfanos de Jesús Nazareno y Cristo Rey izenaz ezagutzen den fundazioari. 1940ko ekainaren 15ean zendu zen emakume bikain hau bere jabego eta diru guztiak, garaiko 145.000 pezeta, fundazioari utzita. Fundazio bihurtu zuen ondare hura, berez pribatua behar lukeen gunea, Astigarragak, astigartarrek mugarik gabe baliatu eta gozatu dezakegu: gerra garaian eta ondoren umezurtzen zaintzarako; eskola; jubilatuen etxe; azken 20 urteetan Sagardo-museoaren egoitza, liburutegia, elkarteentzako bilgunea, euskaltegia, udalaren kultura saila, ikastaroak, hitzaldiak, kultur ekintzak… edo paseatzeko inguru lasaia, besterik ez bada ere. Doña Concharen jabegoa 84 urtez erabiltzen ari gara, eta hala ere, askok eta askok ez daukate astigartar bikain honen ezagutzarik».
Eta gaineratu du: «Esan beharra dago herrian bere izena daraman leku esanguratsua egon badela, 2010ean Astigarragako Udaleko gobernuan zegoen EAJ-PNVren proposamenari esker: Urumea Berri auzoan Kultur etxe berria kokatuko den Astigarragako plaza haundienari bere izena jartzea onartu zen, hain zuzen ere, Concha Echeverria plaza».
Bere irudia eta plaka
Mozio honetan, beste hainbat ekaera ere bildu dituzte: Udaleko Osoko Bilkura aretoan bere irudia ohorezko lekuan jartzea; udalak kultura sailetik partida berezia irekitzea 2014-15 aurrekontuan: bere bizitzaz eta fundazioaz liburu edo/eta bestelako ikus entzunezko euskarria argitaratzeko, eta egungo Kultur etxearen inguruan bera eta fundazioari buruzko plaka jartzeko. Azkenik, ekainaren 15ero fundazioaren jabegoan jarritako plakaren aurrean Udalak aurresku eta lore eskaintza egitea.