«Gure lana zein den erakutsiko dugu baserritarren garrantziaz konturatzeko»

Kronika - Erredakzioa 2014ko eka. 28a, 02:00

8 euskal baserri izeneko ekimena jarri dute abian Gipuzkoako 8 baserrik, Enba sindikatuarekin. Uztailaren 3an izango da eta baserri horiek eta beraien lana ezagutzeko aukera izango da, dohainik. Baserri horien artean da Ergobiko Alberro barazkiak. Interesatuek, ze baserri ezagutu nahi duten aukeratu behar dute eta gaur da izena emateko azken eguna.

8 apellidos vascos pelikularen izenburutik abiatuta, 8 euskal baserri izeneko ekimena jarri dute abian Gipuzkoako 8 baserrik, Enba sindikatuak bultzatuta. Tartean da Astigarragako Al­be­rro barazkiak. Xabier Albe­rrok halaxe azaldu du: «Gaur egungo baserriak nolakoak di­ren erakutsi nahi diegu herritarrei, gure lana zein den, baserritarrek duten garrantziaz konturatu daitezen. Gure ikuspuntua eta bizimodua erakutsiko ditugu».
Ate irekien jardunaldia izango da. Hau da, 8 baserri horiek ezagutzeko aukera izango da. Baserri bakoitzak produktu desberdina lantzen du: esnea, arrautzak, haragia, txakolina, sagardoa… Uztaila­ren 3an izango da, goizez, eta parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute, ze baserri ezagutu nahi duten adieraziz. Gaur da azken eguna.

Eusko Label eta Euskal Baserriko barazkiak, Alberron
Alberro familiak barazkiekin egiten du lan eta beraien lanaren prozesu guztia azalduko dute eki­men honetan. Dauzka­ten ba­ra­tzak ere erakutsiko dituzte. «Jen­deari erakutsiko diogu ze lan egiten dugun, nola, ze barazki dauzkagun… Gure ekoizpen na­gusia erakutsiko dugu: Gerni­kako piperrak, to­ma­tea eta Iba­rrako piparra (guindilla)», azaldu du Albe­rrok. Jendea harrituta geratzen dela ere nabarmendu du: «Negu­te­giak ikusita, adibidez. Neri esan izan didate: “Ez nuen espero ba­serritarrek horrelako teknologia erabiltzea”. Base­rritarren arte­an ere teknologia asko sartu da. Urnietako negutegian, esaterako, biomasa sistema erabiltzen dugu berotzeko. Toki guztietan bezala, teknologia asko sartu dugu gure nekazal ustiapena ahalik eta errentagarriena izateko. Garai batean ga­soilarekin egiten zuten, imajinatu ze irabazi atera behar duzun hortik. Gaine­ra, ingurumen alde­tik ere, ekosistemari ez diogu kalterik egiten sistema honekin. Kutsadura, zero».
Alberron ekoizten dituzten barazki guztiak, bertakoak dira. «Horregatik dauzkagu Eusko Label eta Euskal Baserri ziurtagiriak. Eusko Labelek adierazten du baita ere, kalitatea». Zigilu horiek behar beharrezkoak direla gaineratu du: «Jendeak jakin behar du bertakoak direla. Bezeroek ikusi behar dute berezitasun hori. Baserritar profesionalok zigilua behar dugu gainerakoetatik desberdintzeko».

Produkzio integratua, elikagai seguruagoak eta osasuntsuagoak ekoizteko
Produkzio integratua deiturikoan ere sartuta daude Alberron. «Hori zer den ez daki askok. Elikagai seguruagoak eta osasuntsuagoak ekoiztu eta kon­tsumitu ahal izateko alternatiba berri bat da, ingurumena errespetatuz. Produkzio naturalaren baliabide eta mekanismoak gehiago erabiltzearen alde egiten dugu. Eta dena superbisatua dago. Diputazioko bi teknikari ibiltzen dira. Cuaderno de cam­po deituriko koaderno bat ere bete behar izaten dugu. Egiten dugun guztia bertan apuntatzen dugu. Sekulako kontrola dugu».
Fauna auxiliarra ere erabil­tzen dute. «Hau da, xomorroak sartzen ditugu. Landa­rearen eko­sistemaren barruan sartzen ditugu gaixotasunei aurre egin diezaieten. Adibidez, amona mantangorriek zorriak jaten dituzte. Erleak ere sartzen ditugu negutegian, polinizazioa egin dezaten.  Ekoizpen integratuan teknikak ez dira agresiboak. Ama naturak ematen dituen baliabideak erabiltzen ditugu. Gipuzkoan, 30 bat baserri gaude ekoizpen integratuan. Eta pixkanaka baserritarrak horretara goaz, ahalik eta gehien ingurumena zaintzera».

«Ekosistemari lagundu egiten diogu»
Baserritarrek ekosistemari la­gun­du egiten diotela argi du Alberrok eta jendea horretaz jabetzea nahi du: «Baso asko zikinak geratzen ari dira, gal­tzen ari dira. Nekazarien esku egongo balira, ez litzateke hori gertatuko. Suteak ere gutxiago izango lirateke. Baserritarrok lagundu egiten diogu ekosistemari. Askok gure beharra bakarrik ikusten dute folklorikoki, baina jendea konturatu behar da, behar beharrezkoak garela».

Ergobitik, Urumea bailarara
Xabier Alberro Ergobiko Juan­gittene baserrikoa da. Bere familia maizter bizi izan zen bertan bi mende baino gehiagoz. Etxeak egin behar zituztelako bota zuten baserria eta lurrak ere galdu zituzten. Astigarragan agroaldea bat egin zuten obra publikoengatik kaltetutako baserritarrentzat eta bertan sartzea erabaki zuten. «Gurasoak, amona, izebak… beti izan dira baserritarrak. Tradizio haundiko familia da gurea nekazaritza lanetan eta lan horrekin jarraitu nahi genuela ikusi genuen. Agroaldeak jarraitzeko aukera eman zigun», dio. Gaur egun ere, enpresa familiarra da. Xabierren arreba eta emaztea, Alberro barazkiak enpresan dabiltza berarekin batera.
Gaur egun, Alberrok 6 lur zatitan dauzka baratzak eta Astigarragatik Urumea bailaran zehar zabaldu da. «Astigarraga da gure lekua, eta egoitza eta almazena bertan dauzkagu. Baina Hernani eta Urnietan ere badauzkagu baratzak. Berez, Astigarragan beste agroaldea bat egitekoa zen Diputazioa, baina azkenean kamioentzako aparkalekua egitea erabaki zuen. Agroaldea hori Urnietan egin zen eta horregatik daukagu han ere baratza», azaldu du. Denera, hauexek dira lantzen dituzten lurrak: Ergobian, zubia pasata, 7.000 m2; Astigarragako agroaldean, 4.200 m2 (negutegia); Astigarragako Bentak inguruan, 10.000 m2; Hernanin, 4.000 m2 eta 5.000 m2; eta Urnietako agroaldean, 8.400 m2 (negutegia).
Merkabugati eta hipermerkatuetan saltzen dituzte beraien barazkiak, batez ere. Eta Alberroren esanetan, supermerkatuek gero eta gehiago ikusten dute, jendeak bertako produktuak nahi dituela.

Ergobiko eta Hernaniko lurrak galtzear
Uholdeei aurre egiteko, ibaia haunditzeko obrak egingo dituztela eta, Ergobiko eta Hernaniko baratza gabe geratuko direla azaldu du Alberrok. Instituzioen aldetik ez dela behar adina la­gun­tzen dio: «Obra horiek egin behar ez direnik ez dut esaten, baina konponbide bat eman behar zaigu. Adibidez, lur hau oso ona da nekazaritzarako. Eta lur hori bildu eta beste norabait eraman daiteke. Baina oso ga­res­tia da eta ez dute egiten. Udalerri guztiek industriaguneak bultza­tzen dituzten bezala, nekazalguneak ere jarri beharko lituzkete. Agroaldeak behar beha­­rrezkoak dira. Indemniza­zio­­ak badaude, baina baserritarrak ez du nahi dirua; lurra nahi du lantzeko».
Astigarragaren egoera ikusita oso penatuta dago: «Astigarra­gan oso baserri gutxi geratzen dira. Eta hemengo erriberetako lurrak Euskal Autonomia Erdike­goko onenak dira, halaxe katalogatuta daude eta Ergobiko zati hau eta Martutene aldeko beste batzuk besterik ez dira geratzen».

8 aukera:
Lastaola (esne behiak-artoa),
Pelu zahar (arrautzak), Odria (haragitarako behiak), Alberro (baratza), Gomiztegi (ardiak-gazta),
Gaintza (mahatsa-txakolina), Urki (txerria) eta
Eula (Sagarra-sagardoa).
Izena emateko: 943650123 edo ongietorribaserrira@gmail.com

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!