Alokairuko etxebizitzak bultzatzeko eskatu dio Gobernuari, Plenoak

Kronika - Erredakzioa 2014ko eka. 28a, 02:00

‘Etxebizitzarik gabeko jenderik ez, jenderik gabeko etxebizitzarik ez’ mozioa onartu zuen Plenoak ostegunean.

Plenoa izan zen ostegunean Aranon eta mozio bat onartu zen bertan, Hipotekak eragindako plataformak aurkeztua: Etxebizitzarik gabeko jenderik ez, jenderik gabeko etxebizitzarik ez.
Hori horrela, Alokairuko Etxebizitza Parke Publikoa abian jartzeko eskatzen dio Aranoko Udalak Nafarroako Gobernuari.  Etxe hauek izanen lirateke etxebizitzatik kaleratu dituzten familientzako, etxebizitza ordainean emana dutenentzako edo antzeko beste negozio juridikoren baten menpe daudenentzako eta baita etxebizitza bat errentan hartzeko diru-sarrera nahikorik ez dutenentzako ere. «Nafarroako Gobernuari eska­tzen diogu, etxebizitzak erosteko inbertsio publikoa bultzatu beharrean, Etxebizi­tza Sozialen Parke Publikoa osatu eta indar­tzeko», azaldu zuten.
Etxebizitza Sozialen Parke Publiko horren araudia gara­tzeko ere eskatu diote gobernuari. Eskatutako hainbat neurri, hauexek: familiaren diru-sarreren araberako alokairua ezartzea; beti ere, errenta horrek ez luke behartuko inor eguneko 6 euro baino gutxiagorekin bizitzera. Horrez gain, eskatzaileen ahalmen ekonomikoa froga­tzeko eskatzen den dokumentazioa, eskaera egin aurreko hiru hilabeteetako diru-sarrerei dagokiena izatea. Eskatzen den berme ekonomikoa hilabete bateko errenta baino handiagoa ez izatea. Eta Hiri-errentamenduen Legeak hobesten duen moduan, etxejabeak ordaintzea Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!