Ingurumen Ordenantza prestatu du Udalak eta jendaurrean dago ikusgai uztailaren 2ra arte, asteazkenera arte. Alegazioak aurkezteko aukera dago. Gipuzkoako aurreneko udalerria da Astigarraga, horrelako ordenantza duena.
Nekane Azarola Udaleko aholkulari juridikoak azaldu duenez, prozedura orokorrak izan ditzakeen hutsuneak betetzeko sortu du Ordenantza hau Udalak. «Lur zehatzetan, ingurumen neurriak badaude orokorrean araututa, baina Astigarragan leku batzuetan ez zegoen kontuan hartuta ingurumena. Segurtasun aldetik, Plan Orokorrak biltzen zuen horrelako ordenantza bat sortu beharra, baina ez zegoen. Orain, bai. Orain, eremu batzuk garatzeko, Udal Ingurumen Txostena beharko da. Izan ere, Udalak hobeto daki zeintzuk diren babestu beharreko lekuak». Hain zuzen, Ordenantza honek arautuko du txosten hori betetzeko prozedura: ze agiri aurkeztu behar diren…
Azarolak argitu duenez, herritar batek proiektu bat edo jarduera bat abian jarri nahi badu, lehenengo Foru Aldundiari galdetzen dio Udalak proiektu horren aurrean prozedura orokorra eraman behar den edo ez. Foru Aldundiak ez badu beharrezko ikusten neurririk hartzea, hau da, legedi orokorra ezartzea, horren aurrean Udalak esan dezake baietz. Udalak, ingurumenaren aldetik arriskutsua ikusten duen kasuetan, bere ordenantza aplikatuko du eta Udal Txostena eskatuko du. Foru Aldundiak, berriz, baietz badio eta prozedura orokorra aplikatu behar bada, ez da Udal Txostena eskatuko.
Ingurumen deklarazioa lortzeko, hainbat pauso
Udalaren ingurumen deklarazioa lortzeko, txostena aurkeztu beharko da eta honakoak bildu beharko dira bertan: Jardun-esparrua eta Hirigintza Jarduerarako Eremua antolatzeko eta garatzeko plangintzaren helburuen deskribapena; Plan edo proiektuak hartutako eremuaren azterketa, diagnostikoa eta baliospena, ingurumenari dagokionez; Planaren edo proiektuaren inpaktuen identifikazioa eta baliospena; Babes-neurri, neurri zuzentzaile eta konpentsazio-neurrien proposamena; Dokumentazio grafikoa...
Informazio gehiago edota Ordenantza lortzeko, udaletxean galdetu daiteke edo internetetik jaitsi Udalaren webgunetik: www.astigarraga.net.