EAJren esanetan, Bilduk Astigarragako Garraio Hiria babesten du

Kronika - Erredakzioa 2014ko eka. 28a, 02:00

Garraio Hiriaren inguruan, alkateari egindako elkarrizketa argitaratu zen Kronikan pasa den larunbatean. EAJk bere balorazioa egin du.

Garraio Hiriaren inguruan prentsa oharra bidali du EAJ-PNV alderdiak Kronikara. Hala­xe dio: «Hilabetetan isilik egon ondoren, Bilduko Gober­nu Tal­de­ak baieztatu berri du Astiga­rragako Garraio Hiria babesten duela. Ezker aber­tzalea posizionatu egin da azkenean, proiektu honi da­go­kionean. Oposizio­an zegoenean kritikatu egin zuen. Momentu gutxian, 180 graduko bira eman dute. Zenbat aldatzen diren gauzak ezker abertzalearentzat gober­na­­tzea tokatzen zaionean!».
Legegintzaldiaren hasieratik, EAJko zinegotziek askotan galdetu izan diotela gaiaren inguruan diote: «Erantzuna, or­dea, beti bera zen: Diputa­zioa proiektua aztertzen ari zela. Alkateak eta bere taldeak ez dute posizionatu nahi izan proiektu honen aurrean. Eta agintera iritsi aurretik gogor kritikatu zuten».
Larunbatean argitaratutako albistearen inguruan sorpresa adierazi dute: «Zalantzaz betetako hilabeteen ostean, sekulako sorpresa hartu genu­en pasa den larunbatean, Asti­ga­rragako Bil­duk Garraio Hiria babesten zuela irakurri genuenean pren­tsan. Oposizioko taldeei bere iritziaren berri emateko ohiko prozedura jarraitu beharrean, alkateak erabaki zuen herriko medio bati el­ka­­rrizketa ematea, esateko, Ga­­rraio Hiria herrian jartzearen al­de zegoela. “Gipuz­koa­­rentzat onu­ragarria bada, Asti­garra­ga­­ren­­tzat ere onura­ga­rria izango da” esan zuen. Eta proiektuak herriarentzat izango dituen abantailak azaldu zituen: aparkaleku haun­di bat, gasolindegi bat, ostalaritza zerbitzuak... “Ga­rran­tzitsua da lur hauek As­ti­ga­rragaren esku jarraitzea onu­rak herriarentzat izateko. Gaso­lin­­de­gia oso erren­tagarria izango da”, gaineratu zuen», azaldu du EAJk.
2012an ENBA sindikatuak egindako salaketarekin bat datorrela dio EAJk: «Sin­dikatu honek kritikatu zuen Bilduren inkoherentzia Ga­rraio Hiriaren kokalekua Agro­al­dearentzat izateko exijitu zuelako oposizioan zegoenean, eta kontrakoa esateagatik, Asti­garragako udaletxera iristean».
«Dirudienez, Bildu proiektuaren errentagarritasunaz konturatu da. Hori bai, ez du egiten ikuspegi lokal batetik. Bere jarrera aldaketa justifikatzen saia­tzen da esanaz, Garraio Hiria Gi­puzkoarentzat onuragarria izan­go dela. Gezurra. Parti­dismo pu­rua. Hori da arrazoi bakarra. Adibide bat gehiago Bilduren hi­po­kresiarena», gaineratu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!