Aurrera dijoaz San Joanak. Atzo ospatu zen koadrila eguna, eta askok parrandan segiko dute gaur ere.
Eguerdiko 13:00ean elkartu ziren topa egiteko herriko koadrila guztiak, eta Hernaniko Olinpiadak omendu zituzten. Hain juxtu, Olinpiadetan ibilitako hainbat gazte igo ziren tablatura, eta jokoetan parte hartu duten talde guztietako kamixetak josita zituen bandera altxa zuten, lagunen arteko harremanak irudikatzeko. Hortik aurrera, festa, dantza, musika, giro ona eta parranda izan ziren nagusi.
Bestalde, atzo gozatu ahal izan zen San Joan hauetako lehenengo sokamuturraz eta Axeri Dantzaz. Sokari lotuta zijoazenak bizkarrak berotzeko gogoz atera ziren, eta lehenengo ordu erdian ez ziren Plazatik atera, txoko guztietan bildutako jendea ondo berotu arte. Plaza Berrira iristean ere, ezusteko galanta hartu zuten Kutxako bulegoetako langileek. Eta jendeak giro ederra jarri zuen, saltoka eta kantari, ibilbide osoan zehar. Gaur, aukera izango da berriro, maxkuri artean ibiltzeko.
Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Sustrai Colina eta Agin Laburu bertsotan ariko dira gaur arratsaldean.
Haur eta gazteentzako hainbat ekintza
Haur eta gazteek ere badute gaur zerekin gozatu. Batetik, Txondatatxondan dibertsioa eta jaia emanaldia izango da goizeko 11:00etan, Atsegindegin. Bestetik, erraldoi eta buruhaundiak aterako dira berriro, 12:00etan Plazatik.
Bestalde, 11 eta 16 urte bitarteko gazteentzako egitarau berezia prestatu dute Gazte Txokoak eta Kale Hezitzaileek, 16:00etatik aurrera, Atsegindegin. Eta 17:30etatik aurrera pottokak eta zezen txikiak izango dira berriro Latsunben.
Puntako 4 bertsolari, Plazan
Arratsaldean, Plaza bete jende izango da, seguru. Izan ere, puntako 4 bertsolari ariko dira bertsotan, 19:30etan Plazan: Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Alaia Martin eta Agin Laburu. Gai-jartzailea, berriz, Gorka Tolosa izango da.
Musika eta festa
Nola ez, musikak protagonismoa izaten jarraituko du. Txarangak aterako dira goizeko 11:00etan eta gaueko 00:00etan. Gainera, Txertubi taldearen emanaldia izango da Urbietan, 22:00etan, eta txosnetan, brasil eta afrikar musika 22:00etan, eta uda gaua, 23:00etan.